Elgoibarko Kultura Sailak sanbartolomeetarako aurreikusita zeuzkan hainbat kontzertu, baina azkenean bertan behera laga zituzten jaiak eta ez ziren kontzertu horiek egin. 'Oingoan bai!' ekimenarekin berreskuratu nahi dituzte oraingoan.
Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta musikari elgoibartarrek osatutako Bikustik taldeak ekingo dio hilaren 16an Oingoan bai! musika zikloari. Urriaren 30erako Amoranteren kontzertua antolatu dute, azaroaren 6an Elanders eta Leok’k taldearen txanda izango da, eta azaroaren 19an itxiko du zikloa Testura taldeak. Herriko Antzokian izango dira kontzertu guztiak, 20:30ean. Udalak jakinarazi duenez, euro bateko prezio sinbolikoan jarriko dituzte sarrerak. Urriaren 9an jarriko dituzte sarrerak salgai, Herriko Antzokian bertan eta Kutxabanken bidez.