Irungo Adour Bidasoa margo lehiaketa ez da pintura azkarreko lehiaketa. Urtean zehar egindako edozein lan aurkeztu ahal dute margolariek, teknika eta gai aldetik librea delako. Aurten, 60 margolarik baino gehiagok aurkeztu dituzte lanak sariketara eta Helena Elbustok, Javier Sagarzazuk, Mari Jose Aranzastik eta Xabier Arribasek osatu dute epaimahaia. Aurkeztutako lan guztien artetik 30 lan onenak apartatu zituzten aurrena, eta horien artean hiru nabarmendu zituzten. Sari nagusia Jean Claude Jullietek eskuratu zuen eta 2.500 euro eta garaikurra jaso zituen saritzat. Bigarren lanik onena Aitor Etxeberria margolari mendaroarrarena izendatu zuten. Donostiako Kur galerian ikusgai izan zuen Morphosis erakusketako lan bat aurkeztu zuen lehiaketara Etxeberriak, izen berarekin, eta horixe saritu diote 500 euro eta garaikurrarekin. Hirugarren sari bat ere banatu zuten, baina, Irunen, Artista Gaztearena. Carlos Gorospe margolariaren Imaginación trabajando lanari egokitu zitzaion saria. (hona Palmaresa osorik)
Lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak Irungo Amaia Kultur etxean izango dira ikusgai, urriaren 11ra arte.