Jose Miguel Arranzek irabazi du Mendaroko aire libreko margo lehiaketa nagusietan

Barren.eus 2020ko ira. 28a, 09:08

25. urtez, aire libreko margo lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak. Zapatuan jokatu zuten lehiaketa, eta guztira, 31 margolarik parte hartu zuten: bederatzi helduk eta 22 gaztetxok.

Nagusietan, Jose Miguel Arranz erandioarraren lana nabarmendu zuen epaimahaiak gainerako guztien artetik, eta 14 urtez azpikoen sailean, Amalur Aranda mendaroarrarena eta Irati Larreta ibarrarrarena. Herritarrak artera gerturatzeko asmoz, lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen lana zozketatu zuen Udalak errifa bidez, eta Julian Segundori, Uztargi tabernako jabeari, egokitu zitzaion.

 Sari gehiago ere banatu zituzten, baina. Helduen sailean, Jose Miguel Arranz erandioarraren lanak eskuratu zuen lehenengo saria eta 700 euro jaso zituen saritzat. Bigarren lanik onena Jorge Lopez bibotarrarena izan zen, epaimahaiaren ustez, eta 500 eurorekin saritu zuten.  Jose Reyes leioarrak eskuratu zuten hirugarren accesita (300 euro) eta Rikardo Azkakorta bergararrak laugarren accesita (300 euro). Gaztetxoen sailean, berriz, bi maila bereiztu zituzten. A mailan, Amalur Arandaren lana aukeratu zuten onenentzat, eta B mailan, Irati Larreta Ibarrarrak eskuratu zuten saria. Margotzeko materiala jaso zuten saritzat. Hala ere, gainerako parte-hartzaileentzat ere izan zen saririk, marrazteko koadernoa eta arkatz bana banatu zizkietelako. Epaimahaia Aitor Etxeberria herriko margolariak, Bingen De Pedrok eta Carlos Galarragak osatu zuten.

Margo lehiaketak iraun zuen bitartean, batukada talde bat ibili zen herrian kalez kale, zapatu goiz bustia alaitzen. Argazkitan, lehenengoan, 14 urtez azpikoetan sari nagusia jaso zuen Amalur Aranda mendaroarra Nerea Isasi Kultura zinegotziarekin, eta bigarrenean, saritu guztiak, epaimahaikideekin eta Kultura zinegotziarekin.

2020 09 28 Margo lehiaketa irabazlea umeetan Mendaro

2020 09 26 Mendaroko Margo lehiaketa Irati

2020 09 28 Margo lehiaketako irabazleak Mendaro