Itoiz taldearen “Astelehen urdin batean” kanta moldatu du Maraca Diablok

Barren.eus 2020ko ira. 23a, 08:28

Berrikuntzekin dator Maraca Diablo. Batetik, Ina Iriondo mendaroarraren bakarkako proiektua zena, talde bilakatu da; eta, bestetik, udan grabatutako abesti bat plazaratu dute aurkezpen gisa.

Itoiz taldearen lehen diskoko “Astelehen urdin batean” abestia moldatu du orain hiruko taldea den Maraca Diablok:  Rafa Furnier (bateria), Josu Iriondo (baxua) eta Ina Iriondo (ahotsa, gitarra eta programazioak). Rock distortsionatu eta atmosferikoaren eremura eraman dute Itoiz euskal musika talde mitikoaren kanta. Joan den maiatzean bertsio bat zabaldu zuen Maraca Diablok, Kraftwerk taldearen “Das Model” abestiarena (“Modeloa”). Kraftwerk taldearen sortzaileetako bat izan zen Florian Schneiderren heriotzaren berri izan eta gero moldatu zuten.

Mendaroko Gararock jaialdian jotzekoa zen Maraca Diablo uda honetan baina bertan behera geratu ondoren, Itoizen bertsioa grabatzea erabaki zuten. Ina Iriondoren El Cubo estudioan grabatu dute abestia, eta Soraia Urbieta koruetan eta Anita Munlet teklatuetan izan dituzte kolaboratzaile. Hirukotea errepertorioa lantzen ari da lokalean, ahal duenean kontzertuak ematen hasteko. (iturria: badok.eus)

∞Lotura duten albisteak: