Cebriday musika topaketa gaur, Azpilgoetako Santakuruzko parkean

Barren.eus 2020ko uzt. 3a, 09:33

Gararock jaialdiaren sustatzaileek eta Sinuöse kultur elkarteko lagunek, Mendaroko Udalaren laguntzarekin, Cebriday musika topaketa antolatu dute gaur iluntzerako Mendaron, Carlos Cebrian musikari hilberriaren omenez.

 "Erreferente bat izan da Mendaron kultur zaleontzat, eta bereziki musika zaleontzat. Oso pertsona lagunkoia zen Cebri, mugitua, eta oso maitea genuen”. Ina Iriondo lagunaren eta garai batean taldekide izandakoaren hitzak dira. Estimatzen zuten Carlos Cebrian lagunek eta estimatzen zutelako antolatu dute gaur (uztailak 3) iluntzerako Cebriday musika topaketa Elgoibarko eta Mendaroko lagun musikazaleek. Ekainaren 3an hil zen Cebrian, 48 urte zituela, eta gaur, haren musika ibilbidearen errepasoa egingo dute lagunek Azpilgoetan, Santa Kuruzko parkean, 19:00etatik aurrera. “Omenaldi antzeko bat izango da, gozatzeko eguna. Hunkituko gara, seguru, berezia izango delako, baina batez ere, disfrutatu egingo dugu, musikaz eta lagun artean, berak nahiko lukeen moduan”, gehitu du Iriondok.

  • Aire librean izango dira kontzertuak, baina antolatzaileek sarrerak banatuko dituzte, doan, parkeko edukiera zaintzeko [100 laguneko edukiera zehaztu du Udalak]. Koronabirusagatik ezarritako babes neurri guztiak hartzera derrigortuta daude antolatzaileak eta arduraz jokatzeko eskatu diete joango diren guztiei.

 • Ormola taberna, musikazaleen erreferente
 Azpilgoetan izango da topaketa, Cebrik herritar asko musika zaletu zituen tabernatik gertu. Horixe izan zuen eginkizunetako bat: musika eman eta zabaltzea. Azpilgoetako Ormola tabernan zerbitzari jardun zen bost bat urtean diskoak jartzen ere aritu zen, eta Mendaron askok dute oraindik gogoan Cebriren kantutegia. 90eko hamarkadako hasierako urte haietan eskutik eskura ibili zen cassette-a, Carlos Cebrianek eta Asensio Artetxek osatutakoa, duela gutxi eman du argitara Ina Iriondok berak Interneten, playlist modura. “Garai hartan, Mendarorako taberna ezin modernoagoa zen Ormola, eta asko zor diegu orduko jabeei. Mobida guztiak leku baten hasten dira, eta gurea han hasi zen. Bilgune bat zen herriko gazteontzat eta hemen sasoi hartan entzuten ez ziren kantuak entzuten genituen han. Tabernako jabearen anaia bat, Imanol Etxeberria, Londresen bizi zen sasoi hartan eta handik ekartzen zituen diskoak. Luxu bat zen guretzat”, gogoratu du Iriondok.
Garai hartan Euskal Herrian entzuten ez ziren kantuak entzuten zituzten Ormolan. “Aurrea hartzen genuen, anaiari esker. Espainian ere entzuten ez ziren kantuak jartzen genituen tabernan, eta handik gutxira Radio3 irrati-katean hasten ginen entzuten”, gehitu du Aitor Etxeberriak, garai hartan Ormola tabernaren jabea zenak. Musika jartzeko
orduan “barra librea” zeukan Cebrik Ormolan, “zalea zen, oro har arterako”.
 • Lili Moon, aurreneko taldea
 Musikagile moduan egindako ekarpenagatik zuten ezaguna herrian eta inguruetan, baina marrazten ere aritzen zen, eta Guruzpe Kultur Elkarteak argitaratutako aldizkarietan ere argitaratu izan zituen marrazkiren batzuk. Musikan, Lili Moon izan zen bere aurreneko taldea. Joe Jimenez (baxua), Josune Arriola (abeslaria), Mikel Fernandez (gitarra), Josu Gallastegi (baterian) eta berak sortu zuten Lili Moon. Punk musika egiten zuten. Lili Moonek formazio aldaketak izan zituen, eta formazio bakoitzarekin musika estiloa ere aldatu zuen. Arriola eta Fernandez izan ziren taldea lagatzen lehenengoak eta Leire Alberdi batu zen taldera, teklatuarekin. Pop-erako joera hartu zuten, eta Ormolan entzuten zituzten kantuetatik gertuago zeudenak sortzen hasi ziren. Lili Moonen azkeneko fasea Gallastegik Madrilerako bidea hartu ondoren hasi zen, Donostian ikasketak amaitu berri zituen Ina Iriondo taldera batu zenean. 95eko uda zen. Leire Alberdi jarri zuten bateria-jole eta Iriondo bigarren gitarra-jole eta musika noisea sortzen hasi ziren. Maketa ere grabatu zuten, eta 96ko santanen bueltan, uztailaren erdialdera, estreinako zuzenekoetako bat eman zuten Trinitate elizan, Trinipop deitu zutena. “Berezia izan zen kontzertua. Donalek eman zuen baimena kontzertu hartarako [Angel Bazterretxeak, Mendaroko abade izandakoak. (Mutriku 1936 - Mendaro 2019)] . Lili Moon taldearen biltokia ere Azpilgoetako abadetxean zegoen. Asko zor diogu Donali Mendaron; kultur ekintzetarako beti geneukan haren argi berdea”, gogoratu du horren harira Iriondok.

2020 07 03 Carlos Cebrianen omenezko ekitaldia