Elgoibarko Izarraren Kulturekintza lantaldeak antolatu du ‘Aro Modernoa: Euskal Herria mundura zabaltzen’ hitzaldi zikloa, Udalaren laguntzaz. Ibon Serrano eta Ion Barandiaran izan dira egitasmoaren sustatzaileak, eta hitzaldietako bat antolatzeko Haizea Emakume Taldearen eta Udaleko Berdintasun Sailaren lankidetza izan dute. Lau hitzaldi izango dira guztira, eta datorren eguaztenean izango da lehenengoa. Saio guztiak Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango dira, 19:00etan.
1. Lourdes Odriozola Oyarbide: ‘Untzigintza XVI. mendean: Atlantikoaren erronka’ (Otsailak 19)
XVI. mendean Euskal Herria mundu mailako potentzia bilakatu zen untzigintzan, eta Euskal Herria munduaren erdigunean jarri zuen industria honek. Lourdes Odriozola Oyarbide historialariak azalduko du untzigintzaren funtzionamendua, eta industria horrek izan zuen garrantzi ekonomiko eta soziala jorratzeaz gain, aro modernoari bere izaera eman zion merkataritzan, bidaietan, deskubrimendu eta konkistetan izan zuen eragin historikoa ere landuko da.
2. Amaia Nausia Pimoulier: ‘Emakumearen egoera Nafarroako konkistaren testuinguruan’. (Martxoak 11)
XVI. mendean Estatu Modernoa sortzen da, botere instituzionalizatu guztiak zentralizatzeko helburuarekin, prozesu adoktrinatzaile eta diziplinatzaile baten bidez. Emakumea bete-betean egon zen eraso honen jopuntuan, eta gizartean zuen esparru publikoaren galera pairatu zuen. Europa Mailan orokorra izan zen mugimendu hau Nafarroaren konkistaren testuinguruan kokatuko du hizlariak. Euskal Emakume kristau idealaren diskurtso berria, sorgin ehiza, edo usadioz emakumeenak ziren ofizioek jasan zituzten kolpeak ere aipatuko ditu, besteak beste. Hitzaldi hau Haizea Emakume Taldearekin eta Berdintasun Sailarekin lankidetzan antolatu dute.
3. Jose Antonio Azpiazu Elorza: ‘Armagintza XVI-XVII. mendeetan: inperio bat sostengatu zuen industria’. (Apirilak 22)
Untzigintzarekin batera, Euskal Herria, eta, bereziki, Deba arroa, armagintza industriaren mundu mailako gune garrantzitsuenetarikoa bilakatu ziren XVI. eta XVII. mendeetan. Hitzaldi honetan, euskal industria honen sistema ekonomiko eta soziala landu eta baita ere bere eraginak, ondorioak eta argi ilunak aztertuko dira, aro modernoko inperio handien geopolitikan.
4. Javier Elorza Maiztegi: ‘Elkano eta euskal marinelak munduari lehen biran’. (Ekainak 3)
2019an 500 urte bete ziren Elkanok munduko lehen biraren abenturari hasiera eman zionetik. Gertaera benetan konplikatua, heroikoa eta gatazkatsua izan zen. Hitzaldi honetan, bidaiaren testuingurua, eta Elkanoren eta bidai honetako gainontzeko marinel euskaldunen nortasuna eta zeregina zein izan zen azalduko dira. Honekin batera, bira honek Aro Modernoan suposatu zuen aldarri historikoaz ere mintzatuko da Javier Elorza.
∞Lotura duten albisteak:
- Luis Mari Zaldua: “Onomastikak erakusten du euskalduntze berantiarraren teoriak ez duela zentzurik egun” (2019-10-04)
- BIDEOA: 'Erroma eta Euskal Herria. Gizartearen eta lurraldearen egituraketa' hitzaldia (2019-05-09)
-
BIDEOA: ‘Iruña-Veleia. Erromatar hiria Araban’ Juan Martin Elexpururen hitzaldia (2019-03-29)
-
Erromaren aginteak Euskal Herrian izan zuen eragina ezagutzera emateko hitzaldi-zikloa antolatu du Elgoibarko Izarrak (2019-02-18)