Maalako parkea jendez gainezka zegoela egin zuten, atzo gauean, 33. Elgoibarko Nazioarteko Follore jaialdia. Jaialdian ohi duten moduan, etxeko taldea igo zen aurrera oholtzara. Haritz Euskal Dantzari Taldea Euskal Herriko folklore aberatsa ezagutarazten saiatzen da urtero, eta aurten Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzen txanda izan zen. Lehen zatian Igartzako ezpata-dantza dantzatu zuten. 2007az geroztik Igartzako ezpata-dantza dantzatzen dute Beasainen, horretarako propio sortutako kofradiak antolatuta. Beasainen dantzatzen dutenean, udaletxe parean hasi ohi dira, bandera altxatzearekin, Zaldikoak "Maritxu nora zoaz" doinura dantzatzen du eta prozesioa egiten da Igartzaraino. Hain zuzen, Zaldikoak susto txiki bat eman zuen atzo Maalan eman zuten saioan, eszenatokitik behera erori baitzen. Lehen lerroetako ikusleek lagundu zioten altxatzen eta oholtzara berriro igotzen. Haritzekoek Beasaingo kofradiako lau dantzariren laguntza izan dute Igartzako ezpata-dantza prestatzeko, eta lagun horietako bat zen erori zena. Haustura txiki bat egin zuen oineko behatz txikiaren oinarrian. Haritzekoek Errosarioko Amaren ezpata-dantza Beasainen dantzatzeko gonbidapena jaso zuten 2013an, eta ondo gogoan dute saio hura, "zoragarria izan zen Igartzan gure ezpata-dantza dantzatzea".
Euskal Herriko folkloretik Sri Lankakora igaro zen jaialdia, Sama Ballet taldea igo baitzen oholtzara zuzeneko musikaz lagunduta. 1985ean sortu zuten taldea, eta Sri Lankako Kultura Gaietako Sailak onartutako erakundea da. Ajith Amarasirik zuzentzen du taldea. Hasieratik bera izan da dantzari nagusia, zuzendariordea, koreografoa eta kudeatzailea. Sama hitzak bakea esan nahi du zingalieraz eta tamileraz; Sri Lankako bi hizkuntza ofizialetan. Sama Balleten helburu nagusia dantzaren bidez munduan bakea zabaltzea da. 1986az geroztik Sri Lankako tradizioko dantzak erakusten dihardute munduan zehar.
Indiako Ozeanoan sortutako folkloretik Ozeano Barekora. Tahitiko Hei Show Tamure taldeak Polinesiako folklorea ekarri zuen Maalara. 2010ean sortu zuten taldea, eta Hilani Tama dute buru. Konpainia honek bere dantza-eskola du harrobi, 150 bat ikaslerekin. Dantzari eta musikari guztiak polinesiarrak dira. Euren kultura sustatzen dute, eta eginkizun horretan nazioarteko zenbait jaialditan parte hartzen dute urtero. Polinesiak ahozko kultura du, eta horrek garrantzia areagotzen die dantza eta kantei. Gaur egun dantzak eta kantak ez dira folklore hutsak; polinesiarren bizitza bera osatzen dute. Inspirazio iturri dituzte, eta era berean, baita aspaldiko kondairak eta familia, herri, uharte eta uhartedi bakoitzeko istorioak ere.
• Aitortzak
Saioari amaiera emateko Haritzeko dantzariak eta Elgoibarko musikariak igo ziren oholtzara. Bizkaiko Durangaldeko eta Lekeitioko Kaixarranka dantzak dantzatu zituzten. Amaieran, Olaziaga kiroldegiko tabernako arduradu Juan Luis Urkia eta Inma Arrizabalaga igo arazi zituzten oholtza gainera oroigarri bat eman eta eskerrak emateko. Izan ere, hainbat urtean Olaizaga kiroldegian egin zen folklore jaialdia eta ekitaldi haietan eman zieten laguntzagatik eta saioen aurretik eta ostean emandako jatorduegatik egin zieten aitortza. Era berean, Arantxa Aginakori Banango Zaharra dantzatu zioten taldekideek, "dantza taldean urte askoan lan asko egin duelako eta gaur egun ere egiten duelako atera genuen dantzara, merezi zuen ateratzea".