Ekitaldi taurinoak antolatzeko araudia berritu zutenetik, erakundeek segurtasun neurri gehiago hartzera behartu dituzte antolatzaileak (ikus Euskadiko Zezen Araudia -PDF-). Elgoibarko sokamuturrak ere igarri ditu neurri horien ondorioak. Sokamuturra egiten den eremua murriztu dute urtetik urtera eta hesiak jarri inguru guztian. Gaur egun, hiru eremu edo sektoretan banatzen du Udalak sokamuturraren ibilbidea: Maala, Kalebarren eta Kalegoen.
Era berean, urtetik urtera hesitura eta hesi seguruagoak jarri dituzte. Kalebarren plazan, San Frantzisko iturriaren gainaldean, egurr eta metalezko hesitura finkoa jarri zuten duela urte batzuk, eta, iaz itxitura finkoak jarri zituzten estreinakoz San Bartolome eta Errosario kaleen erdian eta King-Kong parean.
• Barra bertikalak dituzten hesiak
Kalegoen plazako sektorerako hesi berriak erosi ditu aurten Udalak. Azpeitiko Landeta Burdin Lanak enpresak egin ditu hesiak, eta barra bertikalak dituztela da duten berezitasun handiena. Mediterraneo inguruan egin ohi dituzten Bous al carrer ikuskizun taurinoetan ikusten diren erakoak dira hesiok -Cadafals deitzen diete era honetako egiturei-. Elgoibarkoak 2x2 metroko egiturak dira, elkarrekin lotu daitezkeenak, eta, 35 zentimetro dituzte barratik barrara. Hala, hesiak gainetik salto eginda pasa beharrean barren artetik pasa daitezke sokamuturran dabiltzanak zein ikusleak. Brigadako langileek aste honetan hasi dituzte hesiok lurrean finkatzeko beharrezkoak diren zuloak egiteko lanak, eta hesia bera ere ipini zuten, ondo geratzen dela frogatzeko. Hurrengo urteei begira gainerako sektoreetan ere jarriko ditu Udalak era honetako hesi finkoak. Hona aurten non jarriko dituzten:
- Udaletxeko arkupeetan. Giza Eskubideen parkera ematen duten arkupeean ipiniko dute.
- Txankakoa zubiaren hasieran. Hirigintzako eraikina dagoen parean ipiniko dute, Txankakoa zubia baino beheraxeago.
- Muguruzatarren arkuaren ondoan. 2x2 metroko egitura bakarra jarriko dute Muguruzatarren arkuaren ondoan.
- San Inazio kalean. Correos dagoen parean era honetako lau hesi ipiniko dituzte elkarrekin lotuta.
- Santa Ana kalean. Arnoko ganadutegikoek kamioia ipintzen duten parean ipiniko dute hesi bat.