Ezin zuen beste inon izan estreinaldiak: Alberto Verdasco da Sotano 21 taldearen ahotsa, eta lotura handia dauka honek Malape tabernarekin. Extremadurakoa da bera, eta Elgoibarrera iritsi zenean, Malape izan zen ezagutu zuen lehenengo taberna. Harreman oso ona egin zuen hango zerbitzariarekin, eta baita jabeekin ere. “Elgoibarrera iritsi nintzenean nire lehen etxea izan zen Malape”, esan du Verdascok. “Sukalderaino sartzen naiz, etxean bezala”. Katedrala bezala izendatu dute Malape, eta pozik daude taldekideak gaur gaueko kontzerturako. Maria Azpeleta (gitarra eta pianoa), Jon Ander Pascual (gitarra eta ahotsa), Vicente Santos (baxua) eta David Rodriguez (soinu teknikaria) dira Sotano 21 taldeko musikariak. Orain dela hiru bat urte hasi ziren musika egiten, baina orduan beste abeslari bat zeukaten, eta rap estiloko musika egiten zuten. Proiektu hark ez zuen ibilbide luzerik izan, eta abeslariak taldea utzi zuen. Orain dela bi urte iritsi zen Alberto Verdasco Elgoibarrera. Betidanik izan du kanturako zaletasuna, eta Jon Anderrekin batu zen, abesti batzuk sortzeko. Jon Anderrek ezagutzen zituen Maria, David eta Vicente, eta horrela osatu zuten taldea. Taupada Antzerki taldeak eskatu zien beraien urteurrenean abesti batzuk joteko Maalan, eta hilabeteko epean prestatu zituzten ekitaldi hartarako zenbait abesti. Beraiek gustura jardun zuten, eta ikusleak ere bai. Orduan ikusi zuten musika talde bezala bazutela aurrera egiterik, nahiz eta argi daukaten musika zaletasuna dela beraientzat eta ez direla musikaz biziko.
• Beraien kantak, talde gustukoenak eta sorpresaren bat
Ordubete pasatxoko kontzertua emango dute. Hamar-hamaika abesti prestatu dituzte, eta sorpresaren bat ere egongo dela aurreratu dute. Maitasunari abesten diote batez ere, baina, oro har, bizitzari buruzko kantuak gustatzen zaizkie. Talde ezagunen abestiak jotzen dituzte gehien bat, baina beraien kanta batzuk ere badituzte. Alberto Verdascok idatzi ditu gehienak, eta bere bizipenetan oinarritzen dira batez ere. Cantabriako kanping batean lan egiten zuen, eta elgoibartar bat ezagutu zuen han. Andoni Intxausti. Gaur egun bere nagusia da, Intxausti enpresan: “Nahi banuen berak bazeukala niretzako lana esan zidan, eta horrela hartu nuen Elgoibarrerako bidea. Bera bezalako jende gehiago egon beharko litzateke munduan. Izugarri ondo portatu da nirekin, eta orain Elgoibarren daukadan guztia, berari esker izan da”.
Diskoa Aurrera begirako asmoen artean disko bat grabatzea aipatu dute. Azken urteetan serio hartu dituzte entseguak, asko hobetu dute bakoitzak berean, eta uste dute egiten dutena jendeari gustatzeko modukoa dela. Jairo Berbel argazkilaria ere laguna dute, eta hura prest azaldu da bideoklip bat grabatzeko ere. Eskerrak eman nahi dizkiote argazkiak ere egin dizkielako. Ez dakite noraino iritsiko diren, ez daukate handinahi askorik ere, musikarekin eta taldean duten lagunarteko giroarekin gozatzen jarraitzea da beraien nahia, musika taldea baino gehiago, lagun taldea direlako.
Malape tabernan emango duten zuzenekoa 20:30ean hasiko da.