Gararock jaialdiaren aurtengo kartela Fortun diseinatzaile irundarrak egin du. Kartel ikusgarria osatu dute, maila bereko jaialdia iragartzeko. Guztira, zazpi talde gonbidatu dituzte, puntako musikariak denak: La niña Hilo banda tuterarra, Kokein rock talde eibartarra, Villapellejos talde bilbotarra, Santanderko Idolos del Extrarradio, Magnetico grupo robot bermeoarrak, La Basu rap abeslari bizkaitarra eta Joseba Irazoki eta lagunak.
Kontzertu guztiak doan entzun ahal izango dira. Musika jaialdia da Gararock, baina musikaz gain beste osagai batzuk ere izango ditu, orain arteko edizioetan bezala. Umeak musikara zaletzeko eta jaialdiaz familian eta lagunartean gozatzeko tailer bereziak ere antolatuko dituzte arratsalde parterako, eta Food Truck edo janari-furgonetak eta txosna ere jarriko dituzte. Hori eta gehiago ere izango da Gararock, baina zehaztasun gehiago uda ostean emango dituztela jakinarazi dute.