Elgoibarko I. Koplaldia antolatu du Elgoibarko Izarrak ekainaren 7rako

Barren.eus 2019ko mai. 17a, 14:40

Bi aurkezle, 10 bertsolari, 4 musikari eta Bolatokia bete bertsozale. Hori da Elgoibarko estreinako Koplaldiaren antolatzaileak, Elgoibarko Izarrak, lortu nahi duen kuadroa. Kanporaketa sistema izango du koplaldiak, irabazle batekin, baina jai giroa nagusitzea da antolatzaileon helburua.

Ekainaren 7an, barixakua, izango da, Elgoibarko I. Koplaldia, San Bartolome parrokiaren atzean dagoen bolatokian, 21:30ean hasita. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea da antolatzailea, Elgoibarko Udalaren eta Danobat Kooperatibaren laguntzarekin.
Koplaldia jaigiroan egingo den txapelketa-modukoa izango da. Lehiaren pizgarria izango du, baina, batez ere, alaitasuna eta giro ona izango dira koplaldiko osagaiak. Bertsolariak eta koplak izango dira protagonista nagusiak, baina musikarien parte hartzea ere garrantzitsua izango da, hainbat bertsoalditan bertsolariek musikarekin aritu beharko baitute koplatan. Herrikoak izango dira musikariak, Sinuöse Kultur Elkarteko Ander Mujika, Iban Urizar, Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta.
Kanporaketa sistema izango du. Hamar bertsolarik ekingo diote, baina bigarren fasera sei baino ez dira pasako. Hirugarren fasea edo buruz burukoa, berriz, bi koplarik jokatuko dute, irabazlea zein den erabakitzeko.
Koplaldiko irabazleak Aitor Etxeberria artista mendaroarrak Elgoibarko I. Kopladirako propio sortu duen eskultura jasoko du.
Epaimahaia jaialdira joango den publikoak osatuko du; entzuleen parte-hartzea aktiboa izango da. Fase bakoitzean 20 lagunek izango dute gehien gustatu zaizkien bertsolariak nortzuk izan diren erabaki eta hurrengo fasera pasako diren koplariak hautatzeko ardura. Koplaldia aurkeztu eta gidatzeko ardura, berriz, Ainhoa Mendibilek eta Danele Sarriugartek izango dute

Bertsolariak:

  • Eli Pagola
  • Onintza Enbeita
  • Miren Artetxe
  • Maider Arregi
  • Manex Agirre
  • Aitor Mendiluze
  • Andoni Egaña
  • Odei Barroso
  • Aitor Bizkarra 
  • Uxue Alberdi

 Sarrera debalde
Amaitzeko, sarrera doan izango da, baina eserlekua gordetzeko gonbidapena jasotzeko aukera izango da, ekainaren 3tik aurrera, Elgoibarko Izarrak Ubitarten duen bulegoan. Euria egiten badu, Elgoibarko I. Koplaldia Elgoibarko Gaztetxean izango da.