Sinuösek kontzertu berezi eta desberdina emango du gaur gauean, inauterietako egitarauaren barruan

Barren.eus 2019ko mar. 1a, 13:07

Patxi Zabaleta eta Iban Urizar Sinuöseko kideak 23. urtez irtengo dira gaur gauean, Sinuöseren inauterietako kontzertua ematera. Kontzertu berezi eta desberdina izango dela aurreratu dute. Sotoak ireki izango da aurtengo emanaldiaren leloa, Arteak Ireki mugimenduari keinu eginez.

2019 03 01 sinuose sotoak ireki eskela elgoibarOtsailaren 5ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituen dekretu berria, eta onartutako arauen artean, taberna eta areto txikien jarduerak antolatzeko gaitasuna mugatzen duena dago: gehienez, hilean bi ekitaldi egin ahalko dituzte, eta urtean, hamabi. Hainbat kulturgile eta ostalari Arteak Ireki plataforman batu dira neurri honen aurka egiteko, eta Sinuöseko kideek ere babesa erakutsi nahi diete. Kontzertu asko eman dituzte Sinuöseko kideek tabernetan, eta eurek antolatzen dituzten kontzertuetako babesle dira, besteak beste, Iriondo, Lanbroa, Tantata, Salento, Gabi eta Mendaroko Uztargi tabernak. “Hein batean, kultura sortzen laguntzen dute tabernek ere, eta Eusko Jaurlaritzaren lege horrekiko desadostasuna agertu nahi dugu, gure ustez kultur ekintzak ezin direlako mugatu”. 

Sotoak Ireki 22:30ean puntuan hasiko dela nabarmendu dute, sotoan, eta ohi bezala, sorpresak iragarri dituzte.

1997an hasi ziren Patxi Zabaleta eta Iban Urizar inauterietan musika saio bereziak ematen. Malape tabernan ematen zuten kontzertua hasierako urteetan. Ondoren, Herriko Antzokia edota Toletxe taberna izan zituzten eszenatoki, eta azken urteotan Kultur Etxeko sotoan ematen dituzte musika saioak. Kontzertu desberdinak eta bereziak egiteko asmoz hasi ziren. Batzuk zaratatsuak, beste batzuk goxoak, arraroak beste zenbait, baina beti ere, musikaz gozatzeko asmoz antolatutako saioak izaten dira.

sinouse99 inauteriak elgoibar ibanurizar patxizabaleta