Gaur egingo diote azken agurra Elgoibarko Etxeberria tanatorioan, 18:00etatik 20:00etara.
Ongarri Zine Klubaren arima izan da Iñaki Agirre, zinemaren “eruditoa”, zinezale amorratua. Ongarri Zine Klubaren sortzaileetako bat izan da, eta Elgoibarren Aire Libreko zinema sortu zuten laukotean ere ageri da bere izena, Andres Odriozola eta Arrate eta Iñaki San Martin neba-arrebekin batera. Zinemak bizi zuen, eta pasio horri emana bizi izan da azkenera arte. Hasiera-hasieratik, ahalegin berezia egin zuen beti Elgoibarrera zinema komertzialetik kanpoko filmak ekartzeko, ahal zen guztietan filmeen jatorrizko bertsioak errespetatuz. Zinemaren dibulgazioan ere aritu izan zen eta egiteko horretan aldizkari honen kolaboratzailea ere bagenuen.
Urteetako harremana izan du Blanca Salegi Elgoibarko Udaleko Kultura teknikariak Agirrerekin. Gizon “bihotzbera” eta “sentikorra” zela oroitu du Salegik; librea espirituz. “Burokraziatik, gatazketatik, ihes egiten zuen”, dio. “Buru pribilegiatua” zuela eta Zine Klubari emana bizi zela azpimarratu ditu Salegik. Lankidea zuen, “neke-laguna,” eta bai berak eta bai Elgoibarrek asko zor diela nabarmendu du, Iñakiren omenez idatzitako gutun sentituan.
Ongarri Zine Klubaren sorreran lankide eta lagun izan zuen Iñaki San Martin Soarte-k ere, eta hunkituta hitz egin du Agirretaz: “Kultur gizona izan da. Izugarri zekien zinemaz eta gorputz eta arima jardun da beti kulturaren alde lanean. Asko irakurtzen zuen eta gizon jakintsua zen, teoriko bat. Elgoibarko kulturgintzari egin dion ekarpena handia izan da. Ez zen protagonismo zalea. Estimatzen nuen, eta gaur, nire zatitxo bat joan dela sentitzen dut”.
Estimutan zuten Izaskun Estibariz eta Luciano Agirre Lutxik ere. Ongarri Argazkilari Taldetik zuen laguna batez ere Estibarizek eta zine klubean elkarrekin egindako urteetan ezagutu zuen Lutxik.
Agirreren zinezaletasuna nabarmendu dute biek, eta besteak beste, uneanunean pil-pilean zeuden gaiekin lotutako filmak ekartzeko eta gai horien inguruko gogoeta sustatzeko egindako ahalegina eskertu diote. “Iñaki Agirre moduko bat izatea luxu bat izan da Elgoibarrentzat. Asko zor diogu”. Lutxik gogoratu du eginahalak egin zituela beti Elgoibarrek ahalik eta fillm eskaintza interesgarri eta zabalena izan zezan. “Gaur egun dena da errazagoa, baina hauek Ongarri Zine Kluba sortu zuten garaian, bai eta ondorengo urte askotan ere, eskaintza komertzialetik kanpoko filmak aukeratzen egin duten lana aintzat hartzekoa da. “Arima librea” zen, “antisistema”, Estibarizen esanetan, eta bere izate horrek markatu zuen bere ibilbide osoa. “Berezia izan da Iñaki. Zinemari eskaini dio bere bizia eta zinemarekiko maitasun soilagatik egin du egin duen guztia, modu altruistan. Eta egin duena asko eta ona izan da. Izaera kritikoa lantzeko bideak jarri ditu eta Elgoibarko kulturgintzari egin dion ekarpena izugarria izan da”, gaineratu du.
Duela bi urte inguru laga zuen Ongarri Zine Kluba Agirrek, osasun arazoengatik, eta Jokin Martinezek hartu zuen haren lekukoa. Gaur, lagun handi bat galdu duela dio Martinezek, “maisu” izateaz gainera, laguna ere bazuelako. “Zoragarria izan da Iñakirekin lan egitea. Atsegina eta gertukoa zen, eta gozamen hutsa zen harekin hitz egitea. Zinemarekiko zuen maitasuna transmititu digu eta asko ikasi dugu bere eskutik. Entziklopedia antzeko bat izan da Iñaki. Ni neu izugarri aberastu nau bera ezagutzeak”.