Amorantek Zumaiako San Telmo ermitan emandako kontzertua, urteko onenetakoa Musikatzen atariarentzat

Barren.eus 2019ko urt. 21a, 15:23

Iban Urizar Amorante musiari elgoibartarrak Zumaiako San Telmo ermita ezagunean eman zuen kontzertu bat 2018ko hamabi kontzertu onenen artean sartu du Musikatzen atariak.

Musikatzen webguneak 2018ko hamabi kontzertu onenen zerrenda plazaratu berri du. "Horrenbeste kontzertu on egon dira 2018an, eta horren zaila da denetara joatea… Guk ikusitakoen artetik, aukeraketa bat egin dugu", azaldu dute atariko arduradunek. Diskoei buruzko iritziak, kontzertuen kronikak eta musikarekin zerikusia duten gertakariak eta bestelakoak argitaratzen dituzte webgunean.

2018ko kontzertu onenen zerrenda osatzeko nazioarteko taldeen edo abeslarien kontzertuak (Lorde, Pearl Jam edo Eels), eta baita Euskal Herriko taldeenak ere (Belako, Berri Txarrak edo Grises) jaso dituzte. Hamabi kontzertu horien artean da Amorantek Zumaiako San Telmo ermitan joan den ekainaren 15ean emandakoa ere.

  • Honela definitu dute: "Amorante tipo bitxia da, bai musikari zein musika hori aurkezteko erari dagokionean, eta are leku bitxiagoa aukeratu zuen kontzertua eskaintzeko: Zumaiako San Telmo baseliza. Turisten Meka bilakatu den toki hori bestelako soinuz bete zuen bakarlariak, eta oroitzeko moduko emanaldia eskaini zuen. Bere kantu askok zentzua irabazi zuten halako eszenatokian".

Ikusi hemen Muskatzen atariak osatutako 2018ko kontzertu onenen zerrenda.

Gutxes79 erabiltzaileak Youtubera igotako honako bideoan ikus daiteke osorik Amorantek Zumaian eskainitako kontzertua:

∞Lotura duten albisteak: