Saxofoi-jotzaile gazteentzako Hamaikasax nazioarteko lehiaketa jokatuko dute musika eskolan

Barren.eus 2018ko aza. 28a, 14:02

Saxofoi-jole Gazteen I. Hamaikasax Lehiaketa antolatu dute elkarlanean Hamaikasax Saxofoi Elkarteak eta Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak. Musika eskolan jokatuko dute abenduaren 1ean eta 2an, eta hiru elgoibartarrek hartuko dute parte.

Lehiaketa honen bidez, musikari gazteei saxofoiaren munduan jarraitzeko pizgarri bat eskaini nahi diete antolatzaileek, musikariak ondo presta daitezen, hobetzen saia daitezen eta esfortzu guzti horren emaitza ikus dezaten. "Hamaikasax Saxofoi Elkarteak azken 10 urteotako lanaren jarraipena egin nahi du, gure lurraldean saxofoi klasikoa zabalduz eta garatuz", adierazi dute. Era berean, baina, goi-mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleei bultzada ere eman nahi diete eta baita bakarka saxofoia jotzeko trebetasunak eskaini ere txikienei. 

Lehiaketa nazioartekoa izatea bertako musikarientzat aberasgarria izango dela ere nabarmendu dute, "izan ere, euren adin eta maila antzekoa duten ikasleek beste musika eskola eta kontserbatorio batzuetan egiten duten lana ikusteko aukera izango dute".
 • Bi mailatan banatuta
Bi mailatan banatuko dituzte parte hartzaileen. B kategorian, 12 urtera arteko musikariak lehiatuko dira (2006an jaiotakoak barne), eta A kategorian, 16 urtera artekoak (2002an jaiotakoak barne). A kategoriako kanporaketak zapatuan jokatuko dira, 12:30ean hasita, eta B kategoriakoak, 17:30ean. Finalak domekan jokatuko dira, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Lehiaketak hiru elgoibartar lehiatuko dira: Miren Serrano, Ander Aizpurua eta Eneko Gil (goiko argazkian).