Fermin Muguruza 'Black is beltza' filma aurkeztera etorriko da Elgoibarrera

Barren.eus 2018ko aza. 5a, 13:23

Elgoibarko Sare taldeak antolatuta, Black is beltza animaziozko filma eskainiko dute Herriko Antzokian, azaroaren 14an. Filmaren zuzendaria den Fermin Muguruza etorriko da Elgoibarrera bere lana aurkeztera.

2018 11 05 blackisbeltza elgoibar sareDonostiako Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zuten Black is Beltza filma, eta urriaren 5a geroztik zinema aretoetan eskaintzen dihardute, eta dagoeneko 15.000 ikusle baino gehiagok ikusi dute Fermin Muguruzaren lana. Elgoibarren ere izango da filma ikusteko aukera. Azaroaren 14an, eguaztena, eskainiko dute Herriko Antzokian, 19:00etan.

Iruñeko erraldoien konpartsak New Yorken 1965eko urrian egindako desfilea du abiapuntu Fermin Muguruzak (Irun, 1963) zuzendutako Black is beltza animaziozko filmak. Izen bereko nobela grafikoan, 2014an argitaratua, oinarritua dago filma, era berean.
Manex Unanue pertsonaiaren bidaiako urratsei jarraituta, 1960ko hamarkadako mugimendu iraultzaileei keinu egiten die filmak. New York eta arraza gatazkak, Kubako iraultza, Mexiko eta Juan Rulfo, San Frantzisko eta Pantera Beltzak, Espainia eta frankismoa, eta Che, beti Che. Animazioarekin ondutako plano bakoitzak istorioan gehiago sakontzeko hainbat ate zabaltzen ditu. (ikus Muguruzak Berriari eskainitako elkarrizketa)