Dena prest dago Gabon Zahar feriarako

Barren.eus 2017ko abe. 21a, 13:33

Gaur eguerdian aurkeztu dute Gabon Zahar Feria Eguneko egitaraua. Abenduaren 30ean izango da aurten, eta dena prest dute antolatzaileek. Urtero bezala, denetariko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da aurten ere, eta abereen erakusketarik ere ez da faltako. Horrez gain, bederatzigarren urtez, urteko gaztarik onena aukeratuko dute. 

Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Andrea Arriola Elgoibarko Udaleko Kultura zinegotziak, Joseba Arrizabalaga landa arloko zinegotzi arduradunak, Juan Jose Galdos Kalamua Elkarteko ordezkariak eta Blanka Salegi Kulturako udal-teknikariak eskaini dute prentsaurrekoa gaur eguerdian, Gabon Zahar Feriako egitaraua aurkezteko. Abenduaren 30ean izango da aurten feria, eta goizeko 8:30etik aurrera zabalik egongo dira saltokiak. Aurten 133 saltoki izango dira guztira, eta besteak beste, barazkiak, frutak, gazta, eztia eta landareak erosteko aukera izango da. 14:30ak aldera arte egongo dira saltokiak zabalik, Kalegoen plazan, Lekuederren eta Aita Agirre plazan. Abereek eta nekazaritzako erremintek ere izango dute euren lekua azokan. Musika giroa Baltzola Anaiak trikitilariek eta Elgoibarko Kale Kantariek jarriko dute goiz partean, eta arratsaldean, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatuta, erromeria egingo dute Kalegoen plazan.

Baina produktuak dastatu eta saltzeaz gain, lehiaketak ere egingo dira. Batetik, barazki lehiaketa izango da. Epaimahai-kideek erakusketa bisitatuko dute, eta sariak ematerako orduan ondorengoak izango dituzte kontuan: salgaien kalitatea, mota desberdinetako salgaiak erakutsi eta saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi eta saltzea. Halaber, 400 euroko saria emango zaio mendiak hoberen zaintzen dituen baserriko jabeari. 

Era berean, urteko gaztarik onena aukeratzeko lehiaketa ere egingo dute, Kalamua elkarteak antolatuta. Aurten 11 gaztagilek hartuko dute parte, urtean zehar beste lehiaketaren bat irabazi duten 11 gaztagileak, hain zuzen ere. Irabazleak 1.500 euroko saira, txapela eta garaikurra jasoko ditu. Hauek dira aurtengo partaideak: 

  • Joseba Insausti (Ordizia): Debako eta Bilboko txapelketetako irabazlea.
  • Ricardo Remiro (Eulate): Azpeitiako lehiaketako irabazlea.
  • Jesus Mari Ansola, Mausitxa (Elgoibar): Araia, Plentzia eta Elgoibarko lehiaketen irabazlea.
  • Felipe Agirre (Eulate): Uharte Arakileko txapelketako irabazlea.
  • Aitor Mantxola (Legazpi): Legazpiko txapelketako irabazlea. 
  • Jose Luis Odriozola (Aia): Ordiziako irabazlea.
  • Hermanos Audikana (Gereñu): Bergarako irabazlea.
  • Emilia Arana (Zeanuri): Axpeko irabazlea.
  • La Leze (Ilarduia): Agurain eta Intxaurrondoko irabazlea.
  • Aizpea (Olaberria): Gernikako irabazlea.
  • Baztarrika (Gabiria): Eibarko irabazlea. 

• ArTalde, Maalan, eta Ikastolako txosna, Kalebarrenen

Iaz sortu zuten Elgoibarko artisauek ArTalde taldea, eta talde moduan estreinakoz irten ziren kalera iazko Gabon Zahar Ferian. Aurten ere Maalan jarriko dituzte postuak 10:00etatik 14:30era. Eskuz eginiko hainbat produktu jarriko dituzte salgai, besteak beste, bitxiak, xaboiak, oihalezko lanak edota egurrezko tailak egongo dira aukeran. Elgoibar Ikastolak, bestalde, Kalebarren plazan jarriko du txosna, eta Eusko Label markako harategien laguntzarekin (Armueta eta Ziarda), labeldun sahieski pintxoak eskainiko dituzte.

Berrikuntzen artean hegazki harrapakarien ikuskizuna aipatu behar da. Aita Agirre plazan egongo dira, 11:00etatik aurrera.