Taupada antzerki taldea 1977ko udazkenean sortu zen, kultura eta euskara sustatzeko helburuarekin. 40 urte pasatu dira ordutik. 40 urte daramatzate Taupada taldeko kideek oholtzan, euskaraz antzezten. 40 urtean ari da taupaka taupada. Lagun talde batek sortu zuen taldea, baina azken urteetan Edurne Lasak eta Jose Mari Larrañagak osatzen dute taldearen bihotza eta arima.
40. urteurreneko ekitaldien artean, bi obra estreinatuko dituzte abenduan, Elgoibarko Herriko Antzokian: Bihotz txatalak eta Ikasgaia. Baina estreinaldi horiek hasiera baino ez dira izango. Udazkenean sortu zuten taldea duela lau hamarkada, eta urteurreneko ospakizunak udazkenetik udazkenera bitartean egingo dituzte.
• ‘Bihotz txatalak’ barixakuan, Herriko Antzokian
Bihotz txatalak obra estreinatuko du Taupadak abenduaren 1ean, Herriko Antzokian. Taupadan aritzen eta aritu izan direnen bihotzeko txatalekin egindako antzezlana da. Zortzi esketxen bitartez gizartean sortzen diren gatazka, bidegabekeria, kezka eta ustekabeko bizipenak, islatu dituzte, konplizitatearen bitartez, ikusleei irudimena, enpatia eta ilusioa askatzeko giltza eskainiz. Edurne Lasak zuzendu du obra, eta Josemari Larrañagak egin ditu teknikari lanak. Mikel Olaizolak aurkeztuko du saioa, eta Aitor Novak jarriko du musika. Ekitaldian, bestalde, Manu Sanchezek prestatutako bideo bat ere proiektatuko dute. Antzezleak ondorengoak izango dira: Nagore Cid, Jon Olivares, Sara Iriondo, Gorka Fernandez, Ibai Leon, Aitor Guisasola, Encarni Migales, Ibon Herrero, Daniele Zelaia, Jon Etxeberria eta Ainhoa Zapata.
• Josemari Lasari eskainia
22:00etan hasiko da obra, eta ordubeteko iraupena izango du. Sarrerak 10 euro balio ditu. Antzezlanaren ostean, Encarni Migalesek prestatutako koktel berezia dastatzeko aukera eskainiko dute. Obra berezia izango da, eta Edurne Lasaren anaia Josemariri eskainiko diote, Taupadaren sorreratik babesa eskaini ziolako taldeari eta beti laguntzeko prest agertu zelako.
• ‘Ikasgaia’ antzezlana abenduaren 15ean
Abenduaren 15ean, bestalde, Ikasgaia antzezlana estreinatuko du Taupadak. Eugene Ionesko da obraren egilea, eta Angel Ugarteburuk euskaratu du. Kasu honetan, Ioneskoren ikasgaia maisuaren eta ikaslearen arteko harremanetan presente dagoen izpiritu menperatzailearen karikatura da. Edurne Lasak zuzendutako obra da, eta Joxemari Larrañagak egin ditu teknikari lanak. Antzezleei dagokionean, Sara Iriondo izango da ikaslea eta Jon Olivares irakaslea. 22:00etan hasiko da obra, eta ordubete iraungo du. Sarrerak 10 euroan jarri dituzte salgai. Pitxintxun erosi daitezke aurrez, eta bestela, egunean bertan Herriko Antzokiko lehiatilan.
∞Lotura duten albisteak:
- 'Memoriaren Ganbaratik' dokumentala emango dute barixakuan aire libreko zinean (2017-07-12)
- “Gure erronka zen sinesgarritasuna ematea, jendea inplikatzea eta herritarrei orain dela 80 urte pasatako hura biziaraztea” (2016-09-22)
- 'Bohemioen kluba' antzezlana ikusteko aukera berri bat, barixakuan (2015-12-17)
- ‘Bohemioen kluba’ estreinatuko du Taupadak gaur, Herriko Antzokian (2015-06-19)
-
‘Erotik’ antzezlana aurkeztuko du Taupadak Herriko Antzokian (2013-12-20)
- Ate irekiak antzerkiaren bihotzera (2013-07-04)
- Taupadaren lan bat saritu dute Bergarako Koldo Eleizalde literatur lehiaketan (2013-05-21)
- Arte eszenikoen agerraldia eta ‘Taupadaren besarkada’, Herriko Antzokian (2013-05-03)
- Jaun andreok, hemen da ‘Rusini’ zirkua! (2012-06-22)
- Izenez txikia baina izatez handia dela erakutsi du Plaza Txikiak (2010-10-04)
- ‘Komediak oroimenean’ lana aurkeztuko du Taupadak, Plaza Txikiko Astearen barruan (2010-10-01)
- ‘Isladak’ lana taularatuko du Taupadak Debako antzerki astean (2010-05-20)
- Antzokia bete zuten aktore elgoibartarrek (2010-02-09)
- Aktore elgoibartarrek 'Isladak' lana taularatuko dute Herriko Antzokian (2010-02-05)