La Basu, Aneguria eta Raquel Koromak Rap ibiltaria eskainiko dute Elgoibarko kaleetan

Barren.eus 2017ko urr. 18a, 08:18

Euskalgintza eta feminismoa, eskutik helduta zikloaren barruan, urriaren 20an, barixakua, Rap ibiltaria izango dugu Elgoibarko kaleetan. La Basu, Aneguria eta Raquel Koroma etorriko dira gurera, Elgoibarko kaleak rap musikarekin janzteko.

Alde betetik La Basu eta Aneguria izango ditugu, Bizkaiko euskal raparen emakume erreferentzialak. Etxebarriko La Basu (Elena Caballero) rap abeslaria 90eko hamarkadan hasi zen rapeatzen, eta urte askoan Euskal Herrian zegoen emakumezko rap abeslari bakarra izan zen. 1999. urtean Jungla Urbana taldea eratu zuen, emakumez osatua. 2002an eszenatokiak laga behar izan zituen osasun arazoak medio, baina 2013an itzuli zen Remixes lanarekin. 2015ean Aire es vida diska plazaratu zuen eta 2016an euskara hutsezko EPa atera zuen, Izotz erregina.

La Basu eta Aneguriarekin batera Raquel Koroma ere etorriko da, Sierra Leonako jatorria duen dantzari irundarra; Raquelek askotan jardun du Fermin Muguruzaren kontzertuetan. Hirurak bat eginik, kontzertu ibiltaria egingo dute Elgoibarko San Frantzisko kalean, beraien erritmo, ahots eta dantza pausuak uztartuz.

  • Eguna: urriak 20, barixakua.
  • Ordua: 19:30.
  • Tokia: Kultur Etxearen parean hasita.
  • Antolatzaileak: Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea, Elgoibarko Udaleko Euskara Saila eta Elgoibarko Udaleko Berdintasun Saila.
  • Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

La Basuk Aire es vida diska plazaratu zuen eta bertan Aneguriak "Trakamatraka" euskarazko abestian hartu zuen parte. Hona hemen bideoklipa:

  Lotura duten albisteak: