Urtero herriko elkarteren bat izaten da protagonista Altzolatarren Dorretxea Filatelia Elkarteak antolatzen duen zigilu erakusketan, eta aurten C.D. Elgoibarren mendeurrenari eskaini diote erakusketa. Domekara arte egon zen ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean, eta zapatuan bildumagileei harrera egin zieten. Ekitaldi horretara C.D. Elgoibarko kideak ere gonbidatu zituzten eta oroigarria eman zioten klubeko presidente Antton Iranzori. C.D. Elgoibarko buruak filatelia elkartekoek izan duten ekimena eskertu zuen. Koldo Lizarraldek, berriz, Mendeurren Batzordekoen izenean jaso zuen oroigarria. Altzolatarren Dorretxeko kideek Elgoibarko Udalari ere eskerrak eman zizkioten erakusketa antolatzen lagundu izanagatik, bereziki Kultura eta Euskara Sailen aldetik jaso duten laguntza nabarmendu zuten.