Elgoibarrera goizez etorriko dira Mari Domingi eta Olentzero. Elgoibarko Izarrak antolatuta, 11:00etan hasiko da kalejira Kalegoen plazan, eta herri osoa kantuan zeharkatu ostean, San Bartolome parrokiako arkupean jasoko dituzte umeen gutunak. Horrez gain, Atxutxiamaikako hezitzaileek diana egingo dute dultzainero eta trikitilariekin, 9:00etatik 11:00ak arte. Kantuan eta eskean ibiliko dira kalez kale. Aurten gainera, Mari Domingiri eskainitako kantua abestu eta dantzatzeko aukera izango da, Elgoibarko Izarrak eta Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak sortu duten kantua, hain justu ere.
• Mendarora arratsaldean ailegatuko dira
Mendaron, bestalde, arratsaldean egingo dute kalejira. 16:30ean irtengo dira Moxuanetik, ondoren Garagartzatik Mendarozabalera joango dira eta segidan, Azpilgoetara. Udaletxeko balkoira irtengo dira Olentzero eta Mari Domingi herritarrak agurtzera, eta udaletxe azpian jasoko dituzte umeen gutunak. Egun horretan baserritarrez jantzita irteteko eskatu dute antolatzaileek.
• 1.200 opari tonbolan
Gabonetako Loterian zorterik ez baduzue izan, Elgoibarko Izarraren aldeko tonbolan duzue zortea tentatzeko aukera paregabea. Laugarren urtez jarriko dute tonbola Kalegoen plazan. 11:00etan hasiko dira boletoak saltzen (ikus behean oparietako batzuek eta opariak eman dituzten lagunen zerrenda). Eta txosna ere izango da, jan-edanarekin elgoibartarron barruak gozatzeko.