Martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean bukatu bitartean, furgonetako bozgorailuetatik gehien entzungo den abestia izango dena aurkeztu dute AEK eta Korrikako arduradunek Iruñeko Kondestable jauregian: Zirkorrika.
Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1984) idatzi ditu Zirkorrika abestiaren hitzak eta Xabier Zabalak jarri die haiei doinua. Abeslari eta musikari ezagunek hartu dute parte abestian: Izaro abeslari mallabiar gaztea, Petti beratarra, Miren Narbaiza Napoka Iria eta beste hainbat proiektutako kantari eibartarra, Jurgi Ekiza Willis Drummond-eko abeslaria eta Oihana Fernandez Afu Iruñeko musika-taldeko abeslaria. Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote musika, Oreka TXeko kideekin elkarlanean. Doinu balkanikoak gogora dakartzan abestia osatu dute, bizia eta alaia. Hona hemen Ilargi Berdea eta Asvinenea zirko eskolekin batera Adunan, Asvinenearen egoitzan, grabatu zuten bideoklipa:
• ‘Zirkorrika’ abestiaren hitzak:
Hizkuntzaren malabaristak,
akrobatak, trapezistak,
herri honen ilusionistak…
bidera atera gara, mundura atera gara,
herriz herri igaroko gara!
Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.
Bi urteko ekilibristak,
su-irensle optimistak,
jaiotzetik ilusionistak…
bidera atera gara,
Korrika atera gara,
herriz herri igaroko gara!
Atso-agure kontortsionistak,
pailazoak, eskapistak,
euripean ilusionistak…
bidera atera gara,
mundura atera gara,
herriz herri igaroko gara!
Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.
Ahots kordan funanbulistak,
fakirrak ta alkimistak,
ofizioz ilusionistak…
bidera atera gara,
Korrika atera gara, herriz herri igaroko gara!
Bizirauten espezialistak,
bi buruko aktibistak,
bihotzaren ilusionistak…
bidera atera gara,
herriz herri ibiliko gara!
Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.