Leire Rodriguez De Gabriel elgoibartarrak irabazi du San Bartolome festetako kartel lehiaketa

jatsu 2016ko uzt. 26a, 12:39

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Leire Rodriguez De Gabriel elgoibartar gazteak irabazi du 2016ko San Bartolome Jaietan Programaren Azala Aukeratzeko Lehiaketa. Haurren Kartel Lehiaketan sarituen berri ere eman dute. 

Leire Rodriguez De Gabrielek aurkeztutako “Elgoibarko Jaiak 2016” izeneko lanari eman dio lehen saria (700 euro) epaimahaiak, eta honenbestez, bere lanak iragarriko ditu 2016ko San Bartolome jaiak. Aurten etxean gelditu da lehen saria, Juan Diego Ingelmo valentziarraren Splash izeneko kartelak irabazi baitzuen iaz lehen saria. Leire Rodriguezek 18 urte ditu eta legiaketara aurkeztu den estraineko aldia izan dela azaldu du, orain arte ez baitzuen parte hartu ahal izateko gutxieneko adinik. Hortaz, aurkeztu den aurreneko aldian lortu du lehen saria. Batxilergo ikasketak amaitu berri ditu eta datorren urtean Arkitektura ikasketak hasiko ditu Donostian.  Inspirazio une batean, “egun batetik bestera” osatu zuela kartel irabazlea azaldu du. Errosario kaleko jai giroa irudikatu du kartel irabazlean. Beste lehiaketa bat ere irabazi du aurten, Elgoibarko Institutuko gurasoen elkarteak antolatutako logotipo lehiaketa, hain zuzen ere.

Guztira zazpi kartel aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. 

Umeen kartel lehiaketan, aldiz, 11 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara, eta ondorengo hauek saritu dituzte:

-Aritz Vallejo Caballero (11 urte) 

-Eneko Etxaniz Irureta (10 urte) 

-Nahia Baskaran Beristain (7 urte) 

-Elaia Etxaniz Irureta (7 urte) 

-Oihan Goñi Orozko (7 urte) 

-Libe Soto Orozko (4 urte) 

Abuztuaren 22an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Kultur Etxeko erakusketa gelan (19:30).

san bartolome kartel lehiaketa irabazlea leire rodriguez 2016 elgoibar

san bartolome kartel lehia haurrak

 

Lotura duten albisteak: