Kaleko Margo Lehiaketaren bosgarren ekinaldia antolatu zuen Elgoibarko Egur arte taldeak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako zortzi margolarik hartu zuten parte lehiaketan eta “maila handiko” lanak entregatu zituztela adierazi zuten antolatzaileek sari banaketa ekitaldian. Parte hartzaileek bost ordu zituzten margolanak amaitzeko, 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta herritarrek margolarien lana zuzenean ikusteko aukera izan zuten.
Epaimahaiaren iritziz, Mendaroko Jaime Zamakolak aurkeztutako margolanak merezi zuen lehen saria (800 euro). Elgoibarko lehiaketa irabazten duen bigarren aldia da, estreinako edizioa ere, 2012koa, berak irabazi zuen-eta. Iaz lehen saria eskuratu zuen Jorge Lopez gasteiztarrak lortu du aurtengo bigarren saria (500 euro). Azkenik, hirugarren saria (300 euro) Leticia Gaspar plentziarrak aurkeztutako artelanak jaso zuen.
Lanak, bai saridunenak eta baita aurkeztu dituzten gainontzekoenak ere, ikusgai egongo dira Kultur Etxeko sotoan, maiatzaren 21era bitartean.