Ipuina bizipen pertsonalean oinarritutako istorioa da. Naiararen aitona hil zenean alabarekin heriotza lantzeko beharra igarri zuen, eta hori izan zen ipuinaren abiapuntua. Testua sortu zuen, eta marrazkiak egiteko lana Atxutxiamaikatik ezagutzen zuen Ane San Martin margolariari eskatu zion.
Ipuin pertsonala izanik, sentimenduetara iritsi nahi zuen San Martinek bere marrazkiekin, eta horretarako akuarela erabili zuen. Kolore suabeak aukeratu zituen, eta eta irudi apur bat efimeroak marraztu zituen, istorio guztiari osotasuna emateko. Ipuina euskarri digitalean argitaratu zuten iazko ediziorako, eta bideoa ikastetxeetara zabaldu zuten.
Aurten pausu bat harago joan dira, eta ipuina paperean argitaratu dute. Testua apur bat egokitu, eta ilustrazioak osatu dituzte horretarako. Estreinako liburua izan da bientzat, eta gustura geratu dira emaitzarekin. Mila ale kaleratu dituzte, eta asmoa hezkuntzako eragileen artean zabaltzea da; ikastetxeetara, ludoteka eta gaztelekura, beste euskara elkarte batzuetara...
•Gau Beltza
Gau Beltza urriaren 31n ospatzen da Euskal Herrian. Arimen Gaua ere esaten zaio, eta hildakoak oroitzeko eguna izan ohi da. Egun horren harira hainbat ekitaldi antolatu ditu Elgoibarko Hezkuntza Mahaiak, Atabal elkartea, Gotzon Garate udal liburutegia eta Egur arte tailerrarekin batera. Iaz egin zuten moduan, Ibilbide Beltza egingo dute urriaren 31n. Kalegoen plazatik Maalaraino joango dira ilunpean, horretarako propio prestatutako
mozorroekin. 19:15ean hasiko dute kalejira, eta aurretik prestatuko dituzte mozorroak, Kalegoen plazan bertan.
Mendaron ere ospatuko dute arimen gaua, Arno Guraso elkarteak eta Udalak antolatuta. Hona egitaraua:
ELGOIBAR
Azaroaren 1era arte Ihes gela. Informazio gehiago: labur.eus/ihesgela
Urriak 30, astelehena
17:00 Beldurrezko ipuinak, LH1ekoentzat.
17:30 Beldurrezko ipuinak, LH2 eta LH3koentzat. Udal Liburutegian.
Urriak 31, martitzena
18:00 Mozorro tailerra. Kalegoen plazan.
19:15 Ibilaldi beltza, Kalegoen plazatik, Maalara.
MENDARO
Urriak 31
18:00 Eskulanak, photocall, harri beldurgarrien bilaketa... Herriko Enparantzan