Gau Beltzaren bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Hezkuntza Mahaiak urri amaierarako

Barren.eus 2023ko urr. 22a, 10:52

Gau Beltza urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian. Arimen Gaua ere esaten zaio, eta hildakoak oroitzeko eguna izan ohi da.

Egun horren harira hainbat ekitaldi antolatu ditu Elgoibarko Hezkuntza Mahaiak urri amaierarako, herriko beste eragile batzuekin batera; Atabal elkartea, Gotzon Garate udal liburutegia eta Egur arte tailerra, hain zuzen ere.

Iaz egin zuten moduan, Ibilbide Beltza egingo dute aurten Gaba Beltz egunean bertan, hau da, urriaren 31n. Kalegoen plazatik Maalaraino joango dira ilunpean, horretarako propio prestatutako mozorroekin. 19:15ean hasiko dute kalejira, eta aurretik prestatuko dituzte mozorroak, Kalegoen plazan bertan.
 • Ihes Gela, urriaren 25etik aurrera
Aurten, baina, berrikuntzak izango ditu Elgoibarko Gaba Beltzak. Urriaren 25etik azaroaren 1era Ihes Gela prestatu dute Gaba Beltzaren gaiarekin, 6tik 18 urtera arteko ume zein familientzat. Txanda hartu beharko da labur.eus/gababeltza helbidean sartuta. Euskaraz jakitea ezinbestekoa dela ohartarazi dute antolatzaileek. Era berean, beldurrezko ipuinak entzuteko aukera izango dute LH1-3 arteko umeek. Gotzon Garate Udal Liburutegian izango dira ipuin kontaketa saioak urriaren 30ean.

∞Lotura duten albisteak: