German Telleria izendatu dute Sanloko presidente

Barren.eus 2023ko uzt. 13a, 10:46

Sanlo EKT kirol taldeak German Telleria Azumendi izendatu zuen presidente, aurreko barikuan egin zuten urteko batzar orokorrean.

Honako kideek osatuko dute Sanlo kirol taldeko zuzendaritza talde berria: Oihana Telleria (lehendakariordea), Alatz Lizarralde (diruzaina), Ibai Gurrutxaga (idazkaria), Ikuska Barua eta Gaizka Ibirriaga izango dira batzordekideak, eta gainerako kideak Marijo Mugerza, Eva Barrutia, Olatz Ibarra, Myriam Barrutia, Paul Zubiaurre eta Ane Iriondo. Halere, lehen denboraldian orain arteko zuzendaritzakoen laguntza izango dute, pausoz pauso hartu nahi baitute klubaren kudeaketa osoa. Elkarlanean arituko direla azaldu du Telleriak, kirol taldearen barne funtzionamendua ikasi eta funtzio berrietan eskarmentua hartu bitartean.

Aitor Urain buru izan duen zuzendaritzak zazpi urtean gidatu du Sanlo, 2016-2017tik hona. Joan den otsailean zuzendaritza aldaketa lantzeko antolatu zuten ezhokiko batzarrean eman zituzten euren ibilbidea amaitutzat emateko arrazoiak: "Arrazoia da zortzi urtez Sanlo bezalako klub garrantzitsu baten buru izateak suposatzen duen higadura, ez dago besterik. Erreleboa emango diguten lagunak eta ideia berriak beharrezkoak dira. Zuzendaritza hartzeko prest daudenei laguntzeko eta trantsizioa errazteko prest gaude gu"., azaldu zuten. Eta, azaldu zen Sanlori tira egiteko prest dagoen taldea. Bulegoko lanean aritu dira azken asteetan eta joan den barikuan, uztailaren 7an, egin zuten urteko batzar orokorrean aurkeztu zuten zuzendaritza talde berria eta presidente izendatu zuten German Telleria.

Urteko batzarrean kirol eta ekonomia balantzeen berri ere eman zuten Sanloko arduradunek. Azken denboraldiko diru kontuei dagokionez, 4.604 euroko emaitza ekonomiko negatiboa eduki du kirol taldeak (Sarrerak: 137.320 euro / Gastuak: 141.924 euro). Azaldu zutenez, esperotakoa izan zen emaitza. "Joan den denboraldian bi talde eduki ditugu kategoria nazionalean, eta horrek gastu handiagoak ditu, bidaiak eta arbitrajeak, besteak beste. Balantze ekonomikoa espero genuena baino hobea izan da, bereziki ezin izan dugulako ekitaldi berezirik antolatu, igoera faseak, sektore txapelketak eta dirua lagatzen duten antzerakoak".

2023 07 13 sanlo batzarra aitor urain alex andres