Euskal Herriko Mendi Eskiko Binakako Txapelketa irabazi dute Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek

Barren.eus 2016ko mar. 30a, 09:34

Mendiko eskiko zeharkaldien artean klasikoa den Andres de Regil zeharkaldiaren 41. edizioa jokatu zuten Europako Mendietan, joan den martxoaren 19an eta 20an. Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketa ere jokoan izan zen proba horretan eta emaitza bikainak eskuratu zituzten parte hartu zuten elgoibartarrek.  

Ia ehun bikotek hartu zuten parte Andres de Regil eski zeharkaldian. Bi egunetako emaitzak batu ostean, Luis Alberto Hernando eta Kiko Hernando gailendu ziren gizonezkoetan, eta Uxue Fraile y Lide Leibar emakumezkoetan. Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek osatutako bikoteak sailkapen nagusiko bosgarren postuan amaitu zuen proba. Bi ordu 33 minutu eta  27 segundoko denboran osatu zuen lehen jardunaldiko ibilbidea eta 44 minutu eta  48 segundoan bigarren jardunaldikoa. Probako irabazleek 2:10:25eko denboran egin zuten lehen jardunaldia eta 39:05eko denboran bigarrengoa. 

Lehen jardunaldian Euskal Herriko Mendi Eskiko Txapelketa ere jokoan izan zen eta Dominguez eta Irureta izan ziren helmuga marra gurutzatu zuten lehen euskaldunak. Eneko Aduriz elgoibartarra ere igo zen podiumera. Aitor Olarra zornotzarra sokalagun zuela aritu zen lehian eta hirugarren postua lortu zuen. Beste bi bikote ere lehiatu ziren Morkaiko mendi taldearen izenean. Batetik, Mikel Armendia eta Gaizka Astorkiza; eta, bestetik, Manex San Martin eta Josu Otaola (ikus sailkapenak)

Lehen egunean baldintza “ikaragarri” politak izan zituztela azaldu du Arkaitz Iruretak. “Ibilbide eta elur baldintza gogorrak izaten dira normalian Europako Mendietan, baina lehen jardunaldian 18 kilometro eta 1700 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea osatu ahal izan genuen elur hauts eta eguraldi onarekin. Domekan, berriz, esprint erako lasterketa motz eta berezi bat prestatu zuten”. 

2016 03 19 regil eskia dominguez irureta

2016 03 19 regil eskia aduriz

2016 03 19 regil eskia