Finalerdietako batean Birritaka talde mutrikuarra eta Ormola talde mendaroarra lehiatuko dira, eta beste finalerdian Mendaroko beste bi taldek neurtuko dituzte indarrak: Txahalak eta Morangas taldeek. Mendaroko taldeak izan arren, badira bi taldeetan jokalari elgoibartarrak ere.
Finalerdiak bi partidatara jokatuko dituzte. Orain arteko partida guztiak zapatu goizetan jokatu dituzte, baina asteburuan sanferminak direla-eta, finalaurrekoetako joaneko partidak eguaztenean jokatuko dute, bata 18:30ean, eta bestea, 19:30ean, eta itzulikoak, hilaren 15ean. Hilaren 15eko lehenengo partida, Birritaka eta Ormola taldeen artekoa, 10:15ean hasiko da, eta bigarrena, Txahalak eta Morangasen artekoa, 11:15ean. Final handia, berriz, uztailaren 22an jokatuko dute, Santanetako Gazteen Egunean, 11:00etan.