Eneko Ortega Gipuzkoako txapeldun izan da erlojupekoan

Barren.eus 2023ko eka. 14a, 11:22

Aizarnazabalen jokatu zituzten atzo txirrindularien Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak, eta junior mailakoan Eneko Ortegak jantzi zuen irabazlearen txapela.

Bost mailatako txapelak banatu zituzten Aizarnazabalgo lasterketetan: Gizon-emakumeen elite mailako, 23 urtez azpiko eta junior mailako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak, eta horiez gainera egokitutako txirrindularitzako lehia ere jokatu zuten.

Juniorrak lehiatu ziren Joxe Larrarteren eta Gervaisen omenezko txirrindulari lasterketa izan zen lehen lasterketa, eta Elgoibarko Lagun Taldeako Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) izan zen irabazlea. Kategoria horretan hogei txirrindulari lehiatu ziren, eta 14,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten erlojupekoan: Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal. Unax Errasti (Aloña) sailkatu zen bigarren postuan eta Adur Tapia (VIV) hirugarrengoan. Joan den domekan Memorial M. Oiartzabal lasterketan txapeldunorde izan zen Besa-Laboral Kutxako Aritz Esnaola mendaroarrak 9. postua eskuratu zuen Aizarnazagalgo proban. Hala, aste borobila osatu dute Elgoibarko Lagun taldeako junior mailako bi txirrindulariok. 

Gainera, Eneko Ortegak Villatuertan jokatuko duten Nafarroa Klasikoa lasterketan hartuko du parte domekan, ekainaren 18an, Euskal Selekzioarekin. 28 talde arituko dira lehian, tartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txirrindulari selekzioak.

 

2023 06 13 gipuzkoako txap erlojupekoa aizarnazabal enekortega balkoian

2023 06 12 aritz esnaola eneko ortega besa laboral kutxa elgoibar