Podiumeko koskatik koskara dabil Eneko Ortega txirrindulari elgoibartarra, sasoi betean. Zapatuan, bigarren egin zuen Lazkaomendiko txirrindularitza proban, eta atzo, Euskadiko selekzioarekin lehiatu zen Natxituan (Bizkaia). Atzo, baina, maila bat goragokoekin aritu zen, afizionatuekin. Lasteketa horretan Imanol Alvarez elgoibartarra ere aritu zen, besteak beste, eta nabarmentzekoa da egin zuen lasterketa, hamargarren amaitu baitzuen sailkapen nagusian.
• Zapatuan, Lazkaon
Lazkaomendiko lasterketa entzutetsua jokatu zuten zapatu goizean Lazkaon, eta Elgoibarko Lagun Taldeakeko Eneko Ortegak sasoi betean dela erakutsi zuen berriro. Lazkaoko plazan hasi eta Lazkaomendin bukatu zen lasterketa eta tartean hirugarren mailako bi mendate igo zituzten, Larraitz eta Gaintza, Lazkaomendin, bigarren mailako mendate gainean, amaitzeko. 100 kilometroko ibilbidea osatu zuten guztira, eta Eneko Ortegak (BESA-Laboral Kutxa) bigarren egin zuen, Iker Gomezen atzetik (Burundatxe). Hirugarren Jon Conejerok (Iturribero) egin zuen, eta Ibai Hoyos (Iturribero) eta Kaiet Iribarne (IPA) sailkatu ziren laugarren eta bosgarren postuan. Lasteketa horretan Elgoibar Lagun Taldeako Aritz Esnaola eta Aitor Arranz ere lehiatu ziren. Arranzek ez zuen lasterketa amaitzerik izan, eta Esnaolak 45. egin zuen sailkapen nagusian.
• Euskadiko selekzioarekin, afizionatuekin
Zapatuan Lazkaomendin lehiatu ostean, atzo (domeka), afizionatuen Natxituako Sari Nagusia jokatu zuen, Euskadiko selekzioarekin. Ez zen gure ordezkari bakarra izan lasterketa horretan, izan ere Eiser-Hirumet taldeko Imanol Alvarez eta Elgoibarko lagun Taldeatik irtendako Mikel Perez Obanos, Jokin Amorrosta eta Beñat Fernandez ere tropelean baitziren atzo. Imanol Alvarezek egin zuen guztietan denborarik onena, hamargarren sailkatuta. Bidasoako Itzulian bi garaipen lortu zituzten Finisher taldekoak jotzen zituzten askok faborito atzorako eta ez zuten hutsik egin haiek. Daniel Criadok irabazi zuen atzoko lasterketa, eta haren taldekide Unai Aznar sailkatu zen bigarren. Hirugarren postuan, berriz, Julen Arriola Caja Ruralekoa helmugaratu zen. Euskaldun Torneoaren hurrengo proba asteburuan jokatuko dute, Nafarroan: Iturmendi Torneoa.
• Elgoibarko Lagun Taldeako infantilak, Gipuzkoako txapelketan
Bestalde, Elgoibarko Lagun Taldeako infantilak eta alebinak Tolosan lehiatu ziren zapatuan, Usabal industrialdean. Gipuzkoako Txapelketa izan zen infantilentzat. Guztira, Gipuzkoa osoko 87 neska-mutilek jokatu zuten lasterketa. Mutiletan, bi talde bereizi zituzten dortsal zenbakiaren arabera, eta talde bakoitzeko hogei azkarrenek finala jokatu zuten. Eta Elgoibarko ordezkariak, denak, sailkatu ziren finalerako: Danel Garaizabal, Oier Arriola, Ibai Trokaola, Eneko Lameiras eta Xabier Barrueta. Infantil neskak aparte lehiatu ziren. Mutiletan, Ampo taldeko Unai Aranburuk, Aitor Murguzur (Aloña Mendi) eta Unai Taboadak (Goierri k.e.) osatu zuten podiuma, eta nesketan, berriz, Izaro Ezpeleta (Dorletako ama), Maixa Odriozola (Ampo) eta June del Tesok (Oriako Txe).
Gipuzkoako txapelketa izan ez arren, alebinek ere jokatu zuten Tolosan eta Elgoibar Lagun Taldeatik bi mutil lehiatu ziren, biak ere fin: Luken Zulaika eta Angkor Horrillo.