Asteburu berean, Debako eta Elgoibarko txirrindularitza lasterketak irabazi ditu Eneko Ortega txirrindulari elgoibartarrak

Barren.eus 2023ko api. 16a, 20:32

Sasoi betean dago Eneko Ortega Besa-Laboral Kutxako txirrindulari elgoibartarra. Atzo, zapatua, hilak 15, Debako Amaika Bat jubenilen txirrindularitza lasterketa irabazi zuen, eta gaur, Elgoibarren jokatu duten lasterketan ere, bera izan da azkarrena Idotorbeko gaina zapaltzen. Sasoia eta proiekzioa, biak ditu txirrindulari elgoibartarrak. 

 Lasterketaz betetako asteburua izan da hau. Jubeniletan, Debako Amaika Bat lasterketa eta Elgoibar Hiria Saria jokatu dituzte, eta kadeteetan, berriz, Eibarko lasterketa jokatu dute gaur goizean. Bietan parte hartu dute Elgoibarko Lagun Taldeako txirrindulari gazteek. Jubeniletan, Eneko Ortegak izugarrizko erakustaldia eman du jokatu dituzten bi lasterketetan, eta atzoko Debakoan eta gaurko Elgoibarkoan, bietan igo da podiumeko gorengo mailara. 105 kilometroko lasterketa izan zuten atzokoa, eta sprintean gailendu zen Ortega, 2 ordu, 40 minutu eta sei segundoko denbora eginda. Lehia estua izan zuen Beñat Iñarra Ulma-Aloña Mendiko txirrindulariarekin eta Gari Ugarte Bellota Goierri taldekoarekin, baina garbi irabazi zien esprintean, gehiago zela erakutsita. Beñat Iñarrak egin zuen bigarren, eta Gari Ugartek, hirugarren. Besa-Laboral Kutxako beste txirrindularia, Aritz Esnaola mendaroarrak 61. egin zuen atzo sailkapen nagusian, (2:44:29). Taldeka, Viveros San Anton-Mardu izan zen onena, eta mendiko sailkapenean, Beñat Iñarrak, Eneko Ortegak, eta Alex Beristainek osatu zuten podiuma, hurrenez hurren.

2023 04 15 Eneko Ortega garaile Deban

 • Gaur, Elgoibar Hiria Saria 
Gaur, berriz, Elgoibarko Hiria Saria jokatu dute Elgoibarren, Lagun Taldeak antolatuta. 100 kilometroko ibilbidea osatu dute, birritan Oñatiraino igota, eta Idotorbeko gainean amaitu dute lasterketa. Eta gaur ere, atzo bezala, Eneko Ortega izan da nagusi. Besa-Laboral Kutxako txirrindulariak 2 ordu sei minutu eta 52 segundo behar izan ditu proba amaitzeko. Haren atzetik sartu dira helmugan Unax Olano Limousin-Oriako taldeko txirrindularia eta haren taldekide Ibai Irisarri. Taldekako sailkapenean Limousin Oriako izan da onena, Iruki Donostialdea bigarren onena, eta Viveros San Anton-Mardu sailkatu da hirugarren postuan. 

2023 04 16 Elgoibar Hiria Saria Ortega eta talde irabazlea

 • Kadeteak, Eibarren 
Elgoibarko Lagun Taldeako kadeteak ere lehiatu dira, bestalde, gaur. Eibarren izan dute lasterketa, eta Iñaki Astigarraga mendaroarra, Besa-Laboral Kutxa taldekoa, Debabarrenako lehenengoa izan da, eta garaikurra jaso du.

2023 04 16 Iñaki Astigarraga Kadeteen lasterketa

Arg: Elgoibarko Lagun Taldea.