Isana Gorosabel bolariak irabazi du Idotorbeko tiraldi historikoa

Barren.eus 2023ko api. 3a, 12:13

Estreinakoz emakume bat gailendu da Idotorbeko Hiru Txirlo txapelketan. Joan den zapatuan jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketako laugarren jardunaldia

Aitziber Olaizola bolari elgoibartarrak Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa irabazi zuen 2021ean -bigarren jardunaldiko tiraldia irabazita-; eta, hala, historian lehen aldiz emakume bat gailendu zen txapelketa horretan. Orain, plaza berriak irabazten jarraitzen dute emakume bolariek. Lortu izan dituzte garaipenak Gipuzkoako Hiru-txirlo Bola joko txapelketako jardunaldietan, baina Elgoibarko bi bolatokietan jokatutakoetan irabazi gabe zeuden oraindik. 60 bolari lehiatu ziren Idotorbeko bolatokian jokatu zuten txapelketako laugarren jardunaldian eta Aretxabaletako U.D.A taldearen izenean jokatzen duen Isana Gorosabel eskoriatzarrak eskuratu zuen garaipena, egin zituen hiru tiraldietan (2-0-3), bost txirlo botata. Gorosabelek, gainera, bere urtebetetze egunean lortu zuen garaipena. San Migel taldeko Xabier Loiola izan zen txapeldunorde, 5 txirlorekin eta Asola Berri taldeko Pedro Gomez sailkatu zen hirugarren postuan, lau txirlo botata.

Idotorbeko tiraldiaren ostean aldaketak izan dira sailkapen nagusiko aurreneko postuetan. Asola Berri B taldeko Pedro Gomez dago lidertzan, 17 txirlorekin, San Migel A taldeko Xabier Loiola dago bigarren postuan, 15 txirlorekin; eta hirugarren postuan San Andres A taldeko Lander Odiaga ageri da, 14 txirlorekin. San Migel A taldeko Unai Loiola eta Jabier Osoro 10. eta 11. postuetan daude, hurrenez hurren, 11 eta 10 txirlo botata orain arteko lau jardunaldietan.
Taldekako sailkapen nagusian Asola Berri dago lehen postuan (67 txirlo) eta San Migel A bigarrengoan (56 txirlo): bikoteka, Xabier Loiolak eta Imanol Osorok osatutakoa dago aurreneko postuan, 26 txirlorekin.

2023 04 01 Isana Gorosabel bolaria irabazle idotorbe hiru txirlo lehensailkatuak

2023 04 01 Isana Gorosabel bolaria irabazle idotorbe hiru txirlo