Alain Santamaria eta Malen Osa nagusitu dira Kilimon Trail mendi lasterketan

Barren.eus 2023ko api. 1a, 22:43

 Ikusmina ziurtatuta egongo zela iragarri genuen, eta bete da iragarpena. 450 korrikalari zeuden izena emanda gaur Mendaron jokatu duten Kilimon Trail lasterketarako: 300 luzerako, eta 150, motzerako, baina hogeita bosten bat gutxiago izan dira irteera-puntura bildu direnak azkenean. Eguraldiak izango zuen beharbada eraginik, aste guztian ona egin badu ere, txarra zegoelako iragarrita gaurko, eta bete delako iragarpena. Euri zaparrada handiak, eta goietan, haizea eta hotza ere egin ditu gaur, bereziki lasterketak iraun duen denboran, eta gogortu du horrek korrikalariek egin beharreko lana. Hala ere, maila handiko lasterketa osatu dute. 23 kilometroko eta 1.650 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea osatu behar zuten proba luzekoek, eta 230ek lortu dute proba denbora barruan bukatzea. Gizonezkoetan, Ezkaraitik etorri den Alain Santamaria Blancok egin du denbora onena: 1:56:10. Ibai Larrea Aranguren antzuolarra helmugaratu da haren atzetik, hogeita hiru segundora (1:56:33), eta Gontzal Murgoitio elorrioarra sailkatu da hirugarren (1:58:12). Laugarren Aitor Ajuria sailkatu da eta haren atzetik, Anders Kjaerevik norvegiarra, eguaztenetik Mendaroko bazter guztiak korrika ezagutu dituen gizona, sartu da helmugan.ARGAZKI BILDUMA

2023 04 01 Kilimon Trail irabazlea gizonezkoetan

2023 04 01 Kilimon Trail gizonezkoak podiuma

 Emakumezkoetan, berriz, Malen Osa 20 urteko oñatiar gazteak irabazi du, 2:16:00ko denbora eginda. Osak, gainera, errekorra ontzea ere lortu du. Haren atzetik sailkatu dira Ainara Uribarri oñatiarra (2:26:59) eta Maite Maiora mendaroarra (2:27:30). Mayi Mujika elgoibartarrak egin du laugarren (2:30:33). 

2023 04 01 Kilimon Trail neskak hirurak

 Lizarpetik Gaintxipiara arteko tartea ere kronometratu dute antolatzaileek, eta kronoigoera horretan, Josu Urrestarazu nagusitu da gizonezkoetan. 2 minutu eta 57 segundotan osatu du gailurrera arteko bidea. Emakumezkoetan, sailkapen nagusian lehenengo postuan sailkatu den Malen Osak egin du igoerarik onena. 4 minutu eta 4 segundoan osatu du kilometro bertikala. 
 
Proba luzean lehenengo mendaroarrek ere jaso dute saria, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan. Emakumeetan, Maite Maiorak jaso du saria, eta gizonezkoetan, Jon Larrañagak (2:27:54). 
 
Ibilbide motzeko lasterketan, bestalde, Ibai Angulo eta Carrodilla Cabestre izan dira azkarrenak, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren. Gizonezkoen podiuma David Garcia durangarrak (0:53:48) eta haren herrikide Unai Iraolagoitiak (0:54:00) osatu dute, eta emakumezkoetan, Irene Iturria bidaniarrak eta Jone Oar gernikarrak. Aipagarria da, era berean, Eneko Etxaniz elgoibartarrak eta Julen Dobarro mendaroarrak egin duten lasterketa. Hamabosgarrena izan da sailkapen nagusian Etxaniz eta hogeigarren sartu da helmugan Dobarro. Ordubete azpitik egin du elgoibartarrak (0:59:09) eta bi minutu gehiago behar izan ditu Dobarrok (1:01:18). Denbora horrekin, podiumeko bigarren koskara igo da Etxaniz jubeniletan, eta lehenego koskara Dobarro, kadeteetan, Euskal Herriko proba puntuagarria ere izan delako gaurko lasterketa.
 
2023 04 01 Kilimon Trail motza