Gipuzkoan bidegurutzeak zaintzen dituzten eta lotura lanak egiten dituzten motor-zaleak greban daude. Eta haiek gabe, ez dago txirrindularitza lasterketarik antolatzerik, parte-hartzaileen segurtasuna legokeelako arriskuan. Hori dela-eta Gipuzkoako txirrindulari elkarte batzuk lasterketak bertan behera lagatzen hasi dira, tartean Mendaroko Txirrindulari Elkartea. Hilaren 11rako antolatua zuen kadeteen lasterketa ezingo dela jokatu zabaldu zuten atzo. Beasainen asteburuan egitekoa zuten kadete mailako Usurbeko proba ere ez da jokatuko, eta ezta domekan Eibarren egitekoa zuten Udaberri Saria juniorren lasterketa ere. Era berean, martxoaren 1ean, Eibarko Txirrindulari Elkartekoek gutuna jaso zuten Jaurlaritzatik eta han ohartarazi zitzaien Valentziaga Oroitzarrea jokatzekoa den egunerako ez dagoela behar beste polizia, lasterketako segurtasuna bermatzeko, eta hamar eguneko epea eman zieten lasterketa eguna edo ordutegia aldatzeko.