Bi xake txapelketa horiekin 29 urtean jokatu zuten Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketari erreleboa eman nahi izan dio Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, "xake txapelketa herrikoiak, parte-hartzaileak eta berdintasuna sustatzen dutenak", zehaztu dute.
• David Astasio nagusi xake irekian
Ia 50 xakelari lehiatu ziren zapatuan Olaizaga kiroldegiko kantxan jokatu zuten Elgoibarko Xake Irekia txapelketan. Partida azkarretara jokatu zen lehia, hau da, 5 minutu jokalariko. Adin guztietako xakelariei zegoen irekia txapelketa, afizionatu zein profesionalentzat. Euskal Herriko xakelariez gainera, nazioarteko xakelariak ere lehiatu ziren, besteak beste, Carlos Varas txiletarra eta Daniel Pinto bolibiarra. Zubi Ondo taldeko bost xakelarik ere hartu zuten parte lehian. Irabazlea, baina, David Astasio gasteiztarra izan zen, Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketan behin baino gehiagotan parte hartu izan duen FIDE maisua. Carlos Varas sailkatu zen bigarren postuan eta Carlos Mate kantabriarra hirugarengoan. Legazpiko Santikutz taldeko Markel Vesga gaztea sailkatu zen laugarren postuan eta Ricardo Perez bosgarrengoan.
• Miriam Parkhurst irabazi du emakumeentzako txapelketa
Zubi-Ondo xake taldeak antolatuta, eta Udaleko Berdintasun Sailaren babesarekin, Emakumeen II. Xake Txapelketa jokatu zuten domekan, Elgoibarko Kultur Etxean. Hamaika emakume aritu ziren lehian, eta pronostikoak betez, txapelketa irabazteko faborito nagusia gailendu zen, Miriam Parkhurst mexikarra. Hala, estreinako edizioa irabazi zuen Sabrina Vegari lekukoa hartu dio Parkhurstek. Elgoibarko Xake Taldeari eskerrak eman dizkio irabazleak, beste emakume xakelari batzuekin batera domeka zoragarria pasa zuela esan du. "Antolakuntzan lan bikaina egin dute Mikel Leonek, Santiagok eta Vicentek eta baita nazioarteko epailea den Cesar Montoliok ere. Eskerrik asko horrelako esperientzia polita bizitzeko aukera emateagatik", adierazi du xakelari mexikarrak. Judith Goenaga eta Lucia Valor azkoitiarrak sailkatu ziren, hurenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Biak dira Anaitasuna Kakute taldeko xakelariak.
Alaitz Pascual gazte elgoibartarrak ere hartu zuen parte. Bera izan zen Zubi-Ondo taldeko ordezkari bakarra eta txapeldunordea izan zen 14 urtez azpikoetan.
Hona bi xake txapelketetako zenbait irudi. Arhgazkiak: Zubi Ondo Xake taldea.