Aurtengorako Mikel Lizarralde, Ibon Oregi eta Uxoa Irigoien kirolariak gongidatu dituzte. "Bizitzan, era batera edo bestera, kolperen bat jaso duten kirolariak dira hirurak eta kirolaz baliatu dira aurrera jarraitzeko", azaldu dute Udal Kirol Patronatutik. Sarrera doakoa dela deta edonor gerturatu daitekeela ekitaldira gogora ekarri dute antolatzaileek. Hona mahainguruan parte hartuko duten hiru lagunei buruzko zenbait jakingarri:
- Mikel Lizarralde eibartarrari esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 38 zituela, eta harrezgero kirolari lotutako hainbat proiektu jarri ditu abian: 'Gipuzkoa herriz herri', 'Nire erreferenteak" eta 'Zazpi' da eskuartean darabilen azken egitasmoa.
- Ibon Oregik, berriz, ezkerreko hanka galdu zuen orain dela bi urte izandako istripu batean, Zumaia eta Getaria artean saltaka ari zela. Geroztik miresmena sortu du ezbeharrean erakutsi duen indarrak, eta hainbat kirol egitera ere itzuli da, tartean surfa. Kalifornian lehiatu den Surf Egokitutako Munduko Txapelketan lehiatu berri da Markina-Xemeinen jaiotako kirolaria eta laugarren postua eskuratu du bere kategorian. Belauniko egiten du surfean. Hanka galdu zuen istripua izan aurretik ere kirolari emana bizi zen, Hawaiiko Ironmana eta Zegama-Aizkorri mendi maratoia eginak zituen, besteak beste.
- Uxoa Irigoien getariarra, mendi-korrikalaria izan zen lehenik, arraunlaria gero, eta orain berriz mendira itzuli da. Bidai horretan, baina, janariarekin lotutako nahasmenduek zulora eraman zuten. "Uxoak ekuazio arriskutsua lotu zuen: ez bazuen jaten, argalago zegoen; argalago egonda arinago zihoan; eta arinago joanda, irabazi egiten zuen. Logikoa. Baina barruan zekarren erregaia amaitzean apurtu egin zen", azaldu zuen Mikel Lizarraldek 'Nire Erreferenteak' proiekturako egin zion elkarrizketan.
• 1.457 elgoibartar daude kirolen batean federatuta
Kirol sarikin herrian Kirol elkarteek era boluntarioan egiten duten lana aitortzea dela helburua azaldu dute Udal Kirol Patronatuko arduradunek. Elgoibarren 20 kirol elkarte daude eta horietan, guztira, 1.457 pertsona daude federatuta, hau da, Elgoibarko biztanlegoaren % 12,6. "Kopuru oso handia da, Gipuzkoako herriek dituzten federatu kopuruaren batazbestekoa %6a dela kontutan izanik. Elgoibarren bikoitza da federatutako kirolarien kopurua. Kirol elkarteek bizitza, herrigintza, herri kohesioa, balioen sustapena, e.a. luzea ematen diote herriari, horregatik Udalak bere aitortza eskaini nahi die ekitaldi honetan herriko kirol elkarte guztiei".
• Aurreko urteetako sarituak