Bera zen txapela janzteko faborito nagusia, eta egungo txapelduna, eta ez du hutsik egin mendaroarrak. Bigarren urtez jarraian jantzi du txapela Hodei Ezpeleta Biurrik.
Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko zituzten gaur egin beharrak. Lehia estua izan du Ezpeletak gaur bigarren egin duen Xabier Zalduarekin. Momentu batzuetan gainera etorri zaio Zaldua eta estutu ere egin du, baina azken oinbikoetan kendu dio aldea. Zalduari adar-begi bi ere egokitu zaizkio momenturik erabakigarrienean eta gaiztotu zaio lana. Ezpeletak 47 minutu eta 42 segundo behar izan ditu gaurko lanak amaitzeko, eta 49 minutu eta 47 segundo, Zalduak. Jokin Urretabizkaia Basozabalek egin du gaur hirugarren, 53 mintuu eta 53 segundoko denbora eginda eta haren atzetik sailkatu dira besteak: Joxe Antonio Etxeberria (56:07), Luis Mari Txapartegi (58:40) eta Iban Resano (ordubete eta 44 segundo). Finala bukatu berritan sufritu duela aitortu du mendaroarrak eta gaurko denborei erreferentzia eginez eta berea duen umiltasunez aipatu du historian denbora hobeak egin izan dituzten aizkolariak izan direla eta horrek erakusten duela lanean jarraitu beharra dageoal: "Zer hobetu handia daukagu eta lanean jarraitzea dagokigu".
Gizonezkoen finalaren aurretik, emakumezkoen erakustaldia izan da. Hiru emakume aizkolari aritu dira lanean, Nerea Arruti (15:37), Irati Astondoa (16:51) eta Maika Aristegi (20:29), eta hurrenkera horretan gelditu dira azkenean.
Euskal Telebistak zuzenean eman zuen finala, Nahieran atalean ikus daiteke.