Atzo, hilak 1, jokatu zuten finala Urnietako udal pilotalekuan. Lau aizkolari gazte aritu ziren lehian, maila handikoak denak. Izan ere, Euskal Federazioak antolatutako Euskal Herriko txapelduna den Hodei Ezpeleta mendaroarrarekin batera, Sherpa.ai txapelketako egungo txapelduna den Iker Vicente aizkolari nafarrak ere hartu zuen parte. Ezpeletak Leitzan jokatu zuten kanporaketan lortu zuen finalerako sailkatzea. Finalean Jokin Urretabizkaia "Basozabal" aizkolari donostiarrak hartu zuen aurrea lehen enborretan, eta bederatzi segundoko abantailarekin ailegatu zen lau kanaerdiko lau enbor ebaki behar zituzten azken probara. Iker Vicente zuen orpoz orpo eta azken enborrerako abantaila jan eta aldea irabazita zuen nafarrak. Vicentek 14 minutu eta 18 segundoan amaitu zituen lanak. Basozabalek egin zuen bigarren, irabazlearengandik 24 segundora eta Hodei Ezpeletak amaitu zituen lanak hirugarren postuan, Iker Vicentek baino 32 segundo gehiago erabilita. Junen Larrea sailkatu zen laugarren, irabazlearengandik minutu eta 19 segundora.
Ezpeleta Euskal Herriko Txapelketan izango du hurrengo erronka nagusia, iaz eskuratu zuen titulua izango baitu jokoan. Azaroaren 27an jokatuko dute Bilbon.
Eitb-ko Nahieran atalean ikus daiteke osorik Urniean ergin zuten herri kirol jaialdia