Eneko Ortega: “Bizikletan hasi nintzenetik aurtengoa izan da denboraldi onena”

Barren.eus 2022ko urr. 7a, 13:11

Ume-umetan ekin zion bizikletan ibiltzeari Eneko Ortegak (Elgoibar, 2005), eta 10 bat urte zituela hartu zuen parte estreinakoz lasterketa batean. Orduan sartu zitzaion txirrindularitzako harra, eta ordutik gurpil gainean bizi da. Lagun Taldeako kidea da, eta Junior mailan lehiatzen dihardu. Aurten behin baino gehiagotan lortu du podiumera igotzea, eta lasterketaren batean, garaipena ere eskuratu du gainera.

Eguaztenean San Pedroko Igoeran parte hartuko du, herrian, etxean, lagun eta senideen babesean. Denboraldiaz eta aurrera begirako asmoez berba egin dugu berarekin.

 • Nondik datorkizu txirrindularitzarako zaletasuna?
Etxean umetatik ikusi izan dut bizikleta. Aitari gustatzen zaio, eta ni ere oso ume nintzela hasi nintzen bizikletan ibiltzen. Aitarekin joaten nintzen bizikletan ibiltzera. Nire aitak Lagun Taldeako kideren bat ezagutzen zuen eta haren bitartez joan nintzen lehenengoz lasterketa batera. 10 bat urte izango nituen. Probatzera joan nintzen, denborapasa modura. Baina gustatu egin zitzaidan, eta poliki-poliki hasi nintzen txirrindularitza serioago hartzen. Gehiago entrenatzen eta lehiatzen hasi nintzen.

 • Junior mailan zabiltza orain. Asko entrenatzen zara?
Aurten hasi naiz serio entrenatzen. Juniorretako lehen mailan hartu dut parte, eta datorren urtean bigarren mailan egongo naiz. Kategoria honek dedikazio gehiago eskatzen du. Egunero entrenatzen saiatzen naiz. Batzuetan neu bakarrik irteten naiz entrenatzera eta beste batzuetan taldekideekin. Gogor entrenatu behar naizenean gehiago gustatzen zait bakarrik joatea, baina saio lasaia egin behar dudanean lagunekin ere gustura joaten naiz. Egin behar dudan lanaren arabera aukeratzen dut non eta nola entrenatu. Adibidez serieak egiteko Sallobente aldera joaten naiz. Ez da auto askorik ibiltzen, eta bide aproposa da. Beste batzuetan errepidera ere irteten naiz. Neguan ez naiz gehiegi irteten kanpora, gimnasioko entrenamendua egiten dut.

2022 10 04 eneko ortega txirrindularia elgoibar laguntaldea BARREN b2

 • Nola uztartzen dituzu ikasketak eta txirrindularitza?
Batxilergoko bigarren mailan nago, eta ikasketei ere eskaini behar izaten diet denbora. Konstantea naiz. Txirrindularitzak hori ere irakatsi dit, konstantea izaten, eta horrek ikasketetarako ere balio du. Saiatzen naiz egunero ikasten, azken unerako ez pilatzeko lan gehiegi. Entrenatzera irten aurretik eskolako lanak eginda lagatzea gustatzen zait, bestela ez naiz lasai entrenatzen.

 • Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?
Bizikletan hasi nintzenetik aurtengoa izan da denboraldi onena. Hasieran ez nuen horrelakorik espero, eta oso pozik amaitu dut denboraldia. Belauneko lesio batekin hasi nuen denboraldia, eta motibazioa galduta neukan. Belauneko arazoa konpondu nuenean hasi nintzen berriro ilusioa berreskuratzen, eta gogor entrenatzen. Lazkaoko lasterketa oso ondo irten zitzaidan, eta podiumera igo nintzen; hirugarren egin nuen. Horrek aurrera jarraitzeko indarra eman zidan. Entrenamenduek emaitzak ematen dituztenean dena errazagoa da.

 • Kirol sakrifikatua da txirrindularitza. Izan duzu inoiz lagatzeko burutaziorik?
Bai, iaz momentu txarren bat pasatu nuen eta pentsatu nuen dena lagatzea. Euskadiko selekziorako aurre-aukeraketa batean sartu nintzen, baina gero ez ninduten aukeratu eta sekulako kolpea izan zen niretzat. Hilabete inguru pasatu nuen entrenatu gabe eta lur jota. Orain atzera begiratuta ikusten dut lorpen handia izan zela aurre-aukeraketa horretan egotea ere, baina bere momentuan desilusio handia hartu nuen. Gero Gipuzkoako selekzioarekin ibili naiz bi aldiz. Tafallan lehiatu nintzen behin, eta Frantziara joan nintzen beste behin. Frantsesek sekulako maila zuten, eta tropelean oso ondo kokatzen ziren. Tripako minez eta urduri ibili nintzen, baina esperientzia polita izan zen. Pozten naiz txirrindularitza laga ez izanaz, orain benetan gozatzen ari naizelako. Etxean animatu ninduten segitzera, eta Lagun Taldeako Alexek [Aranberrik] ere asko lagundu zidan. Eskerrak eman nahi dizkiot, Lagun Taldean lan handia egiten duelako eta beti dagoelako gu animatzen. Tarteka taldeko afariak ere egin izan ditugu, eta oso giro ona daukagu. Beste herri batzuetako txirrindulariekin ere biltzen gara batzuetan, eta lagunak ere egin ditugu.

 • Lasterketa bat ondo egiteko, zer da garrantzitsuena?
Tropelean ondo kokatzea klabea da. Aurreko denboraldietan nahiko gaizki kokatzen nintzen, eta horrek besteekiko desabantailan lagatzen zaitu. Lagun Taldeako Alexek (Aranberri) lasterketa batean esan zidan zein posiziotan jarri, eta gero eraso egiteko gomendatu zidan. Hala egin nuen, eta lasterketa guztia ihes eginda joan nintzen. Azkenean bigarren egin nuen. Pena izan zen, baina lasterketa ona irten zitzaidan. Kadeteetan nengoen orduan, eta Zumaian izan zen hori. Horrelako egunak ez dira ahazten. Lasterketetan zortea ere garrantzitsua da. Adibidez erorikoren bat edo badago, inportantea da parean ez tokatzea.

 • Podiumeko gorengo maila ere probatu duzu aurten.
Bai, azkenean lortu dut nire lehen garaipena! Sekulakoa izan da. Astigarragako lasterketa irabazi dut aurten, eta oso pozik nago. Ibilbide estua zen, eta Alexek gomendatu zidan ahal banuen talde txikiren batean sartzeko. Tropela moztu zenean bospasei txirrindulariko talde batean sartu nintzen, eta sprintean iritsi ginen helmugara. Ahal nuen gogorren jo nuen erasoa amaieran eta neu sartu nintzen lehenengoa. Izugarria izan zen.

 

2022 10 04 eneko ortega txirrindularia elgoibar laguntaldea BARREN txuletagaz

2022 10 04 eneko ortega txirrindularia elgoibar laguntaldea BARREN lehian