Euskara ala ezkara kirolean?' jardunaldiko kronikak eta bideoak, sarean

Barren.eus 2022ko urr. 6a, 14:43

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak antolatuta irailaren 3an IMHn egin ziren 'Euskara ala ezkara' jardunaldien kronikak eta bideo guztiak 'Euskara ala ezkara' webgunean jarri ditugu ikusgai, baina hona ere ekarri ditugu haietako bi: Ramon Mugica Elgoibarko Kirol patronatuko zuzendariak eman zuena eta Kristina Zuatzubizkar Euskara teknikariarena.

Elgoibarko kirolaren erretratua egin zuen Ramon Mugicak, erakusteko zein praktika zabaldua den kirola Elgoibarren eta zenbat lagun eta eragilek eusten dioten zutabe horri. Hain justu ere, eragile guzti horiek egiten duten lanaren balioa nabarmendu zuen Elgoibarko Kirol Patronatuko zuzendariak.

Kristina Zuatzubizkarrek, berriz, euskararen erretratua aurkeztu zuen jendeaurrean. Bi informazio-iturri baliatu zituen: batetik, 2017an Udalaren enkarguz Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketa, eta bestetik, Elgoibarko Izarraren, Kirol Patronatuaren eta Udalaren ekimenez aurten herriko kirol-elkarteetan egin duten galdetegia. Emaitzek erakusten dute, Elgoibarren, kalean baino euskara gehiago egiten dela kirol-eremuan, eta hortik ondorioztatu dezakegu zein komenigarria den kirolean arreta jartzea Elgoibar euskaldunago egin nahi badugu. Bi dira arrazoi nagusiak: batetik jendetza handia dabilela kirolean, eta bestetik, euskararen erabilerarako lagungarriak gerta daitezkeen baldintzak topatzen dituztela gazteek kirol-eremuan.

Aurten egin duten 'Euskara ala ezkara kirolean?' jardunaldiko, -eta aurreko urteetan egin dituzten jardunaldietako-, kronikak eta bideo guztiak 'Euskara ala ezkara' webgunean.

Euskara ala ezkara kirolean? jardunaldiari buruzko gehigarri berezia BARREN aldizkariaren 1256. zenbakian -PDF- irakur dezakezue

 'Kirola ala euskara kirolean?' jardunaldiko laburpen-bideoa:

∞Lotura duten albisteak: