Debako Alamedako musika kioskotik abiatu ziren abentura raideko partaideak eta korrika joan ziren Santa Katalina ermita, Itziar eta Arbil mendi inguruetaruntz. Gainera, Arbilgo koban ere sartu ziren espeleologiako proba berezia burutzeko. Handik, Alamedara itzuli ziren bizikletaz, eta Mutrikuko Olatz auzora joan ziren. Anoa postuan indarrak berreskuratu ostean, trekkingean aritu ziren Arno mendikatean, berriro Olatzera bueltatu baino lehen. Olatzetik Mutrikura joan ziren bizikletaz, antolatzaileek prestatu zizkieten hiru proba berezietan parte hartzera: Eskalada, rapela eta igeriketa. Behin horiek burututa, Debara bueltau ziren Kalbario inguruetatik igarota. Guztira, 27 kilometro egin zituzten saltaka eta 35 kilometro mendiko bizikletetan, 2.000 metroko desnibel positiboa orotara. Emakumezkoetan zazpi talde lehiatu ziren eta Supernovas taldea izan zen irabazlea. Gizonezkoetan 22 talde lehiatu ziren eta Capra Alpina taldeak lortu zuen lehen postua. Azkenik, Sopels Team gailendu zen talde mixtoetan lehiatu ziren 13 taldeen artean.
Familia raidean lehiatu ziren lagunak ere Debako alamedako musika kioskoan batu ziren, antolatzaileek emandako azalpenak adi-adi entzuteko. Probari hasiera eman ostean, talde bakoitzeko txinienak korrika bizian joan ziren mapak hartzera. Mapa ondo aztertu ondoren, Deba inguruetan zeuden baliza ezberdinen bila aritu ziren. Antolatzaileek joko bereziak prestatu zizkieten Debako hondartzan, alamedan slackline-a eta bizikletako proba berezi bat ere egin behar izan zuten. "Bi ordu eta erdiko bilaketa, joko, lasterkaldi eta orientazio momentu dibertigarri ugariren ondoren, proba amaitu eta helmugan bertan zegoen anoan, probaren inguruko komentario eta anekdota guztien inguruan hitzegiteko aukera izan zuten", azaldu dute Morkaikotik. Mendi taldetik eskerrak eman dizkiete proba antolatzen lagundu dieten entitate eta denda guztiei eta nola ez, partehartzaile guztiei.
Manu Sanchezek ateratako hainbat argazki ikus ditzakezue honako argazki-bilduman.
∞ Lotura duten albisteak:
- Familian lehiatzeko aukera ere izango da Debabarreneko orientazio raidean (2022-09-05)
- Irailaren 17rako antolatu dute Debabarreneko Orientazio Raida (2022-07-05)
- Ia 200 lagunek hartu zuten parte Debabarrenako orientazio raidean (2019-05-30)
- Euskal Raid Aralar eta Sagondo taldeak nagusi Debabarrenako orientazio raidean (2018-06-07)
- Larrinaga-Intxaurrandieta eta Del Campo-Irastorza bikoteak gailendu dira Debabarreneko hirugarren raidean (2017-05-06)
- Gaizka Agirre eta Aaron Garmendia irabazle Debabarrena raidean eta Lariz eta Irazabal elgoibartarrak bigarren (2016-09-27)
- 37 bikotek hartu zuten parte Debabarreneko estreinako raid-ean (2015-09-28)