Bergarako San Joxepe bolatokian jokatu zuten, aurreko asteburuan, Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo bola joko txapelketako bederatzigarren jardunaldia. Lasturreko Joseba Lazkano gailendu zen Bergaran, sei txirlo botata eta Floreaga taldeko Gorka Etxanizek egin zuen bigarren. Unai Loiola eta Angel Ibarluzea bolari elgoibartarrak 5. eta 6. postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, lau txirlo botata.
Bederatzi jardunaldi jokatu dituzte orain arte, horietako bi Elgoibarren, eta sailkapen guztiak erabakita lagako dituen final handia jokatuko dute orain bolariek. Azkoitiko Floreaga auzoko bolatokian izango da finala, zapatuan, ekainak 4, 17:00etaik aurrera.
Banakako sailkapen nagusian Asola Berri taldeko Iñaki Gojenola ageri da lehen postuan, sartutako 16 bolarekin eta 30 txirlo botata guztira. Angel Ibarluzea da sailkapeneko lehen elgoibartarra. San Migel A taldeko bolaria laugarren dago, sarutako 14 bolarekin eta 24 txirlo botata. Lehen hogei sailkatuen artean daude Xabier Loiola, Unai Loiola eta Jabier Osoro.
Taldekako sailkapenean San Migel A taldea dago lider, 96 punturekin. Asola Berri A taldea dago bigarren, 89 punturekin. Generokako sailkapenean San Migel A taldeko Aitziber Olaizola dago lehen postuan, 15 punturekin, Lastur B taldeko Amaia Kortak baino bat gehiago eta Asola Berri C taldeko Enara Montielek baino bi gehiago.
Azkoitiko finalaren ostean, Lehendakari Saria jokatuko dute Soraluzen, ekainaren 11n.
∞Lotura duten albisteak:
- Xabier Loiolak hirugarren egin du Eibarren jokatutako bola-joko tiraldian (2022-05-19)
- Unai Loiola gailendu da Idotorbeko bola-joko txapelketan (2022-04-26)
- Unai Loiolak irabazi du Aiastiako tiraldia, Gipuzkoako Txapelketako aurrenekoa (2022-03-29)
- Aiastiako bolatokian hasiko dute Gipuzkoako Hiru-txirlo Bola joko txapelketa (2022-03-22)
- Bertan behera gelditu da Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo bola joko txapelketa (2020-05-13)
- Eneko Agirretxe errezildarra gailendu da Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako aurreneko jardunaldian, Aiastian (2020-03-11)