C.D. Elgoibar futbol klubeko gizonen bigarren taldea Gizonezkoen Gorengo Mailara igotzeko fasean lehiatzen aritu da, eta jardunaldi baten faltan lortu dute igoera gauzatzea. Igoera ziurtatzeko Lazkaori irabazi behar zioten elgoibartarrek, joan den asteburuan Mintxetan jokatu zuten partidan, eta 5-2 gailendu ziren txuri-gorriak. Hori bai, markagailua irauli behar izan zuten, lazkaoarrek sartu baitzituzten partidako lehen bi golak. Atsedenaldira binako berdinketarekin joan ziren, eta etxekoek bigarren zatian irauli zuten erabat markagailua, beste hiru gol sartuta.
Honenbestez, hurrengo denboraldian Gizonezkoen Gorengo Mailan jokatuko du Haundiren filialak, Haundi dagoen Ohorezko Erregional Maila baino maila bat beherago, alegia. Erregionalak sailkapeneko lidergoan dagoen Touring taldearen aurka bukatuko du igoera fasea, zapatuan, Hernaniko Fanderia futbol zelaian jokatuko duten partidarekin.
• Haundik berdinketa behar du txapeldunorde izateko
Era berean, Haundik ligako azken partida jokatuko du zapatuan (hilak 21) Mintxetan, 17:30ean. Zarautz izango du aurkari eta berdinketa bat behar du bigarren postua ziurtatzeko. Aurreko barikuan 0-3 galdu zuen Haundik Eibarren, eibartarren aurkako derbian, eta orain sailkapenean bi puntuko aldea ateratzen dio Haundik (63 puntu) auzoko taldeari, 61 puntu baiditu Eibarrek. Touring taldeak irabazi du liga txapelketa eta hernaniarrak igoko dira mailaz, baina txapeldunorde nor izango den dago argitzeko.
∞Lotura duten albisteak:
- Haundik Errege Kopan aritzeko sailkapen fasea jokatuko du (2022-05-11)
- Partida ikusgarria jokatuta, hiruna berdindu dute Haundik eta Touring-ek (2022-01-29)
- Denboraldiko lehen partida galdu ostean, Touring liderraren bisita jasoko du Haundik (2022-01-25)
- Haundi, 'Invictus' lehen itzulian (2022-01-20)