Euskadiko Txapelketako Enduro proba jokatuko dute Elgoibarren, estreinakoz Urruzuno bailaran

Barren.eus 2022ko mai. 18a, 13:54

Euskadiko txapelketarako puntuagarria den Enduro Txapelketa antolatu du Urnobitza Kirol Klubak domekarako, maiatzaren 22rako, eta Urruzunon izango da aurrenekoz.

Idotorben antolatu izan duten Enduro proba Urruzuno bailaran egingo dute oraingoan. Urnobitza taldetik azaldu dutenez, leku berri bat probatzeaz gainera, abantaila nagusi bat izango du kokagune berriak, proba ikustera gerturatzen diren lagunek autoa aparkatzeko erraztasun handiagoa izango dutela. "Albitzuri industriagunean aparkatu ahal izango dute autoa eta hortik oinez joanda bost minutura egongo da moto gidariak gertutik ikusi ahal izateko zirkuitua, Urruzunoko Elkartea dagoen inguruan".

Ohikoa den moduan, bi zati izango ditu Elgoibarko Enduroak. Batetik, bost minutuko erlojuaren aurkako proba zirkuitu batean eta, bestetik, 30 kilometroko ibilbidea mendian. Urruzuno bailara eta Azkarate gaina arteko mendiko ibilbideetan barrena lehiatuko dira moto gidariak.

 • Bi gidari elgoibartar
Lehen pilotua 9:45ean irtengo da eta sari banaketa ekitaldia 15:00etan egingo dute. Parte hartzaileen artean Urnobitza taldeko bi kide daude, Igor Iriondo eta Eneko Sanz. 21 eta 24 urteko gazte elgoibartarrok estreinakoz parte hartzen ari dira Euskadiko Enduro Txapelketan. Igor Iriondok probari buruzko zenbait azalpen eman ditu Urnobitzakoen instagram kontuan. Zortzi probek osatzen dute Euskadiko txapelketa, eta Bertizaranan apirilean jokatu zutenaren ostean, bigarrengoa izango da Elgoibarkoa.

Urnobitzak antolatu du Elgoibarko Enduro txapelketa, Gipuzkoako eta Euskadiko motoziklismo federazien laguntzarekin eta Motos Ion eta Elgoibar Motorren babesarekin, besteak beste.