Gimnasta elgoibartarrek zilarrezko domina lortu dute Gipuzkoako txapelketan

Barren.eus 2022ko mai. 17a, 14:29

Amateur mailako zein eskolarteko mailako Gipuzkoako gimnasia erritmikoko txapelketa jokatu zuten, maiatzaren 14an, Irunen, eta dominak irabazi zituzten hiru gimnasta elgoibartarrek, taldekako lehian.

Eibarko Ipurua taldearekin lehiatu ziren hiru gimnasta elgoibartar: Uxue Etxeberria, Nora Mujika eta Jhoselin Padilla, bakarkakoan zein taldekako lehian. Hiru elgoibartarrak eta beste bi taldekide Jubenil B kategorian lehiatu ziren, Ipurua M taldearekin, eta bigarren postua eskuratu zuten. Hain justu, Ipurua P taldeak irabazi zuen urrea. Hortaz, podiumeko goreneko bi kosketara igo ziren Ipurua taldeko bi taldeak (goiko argazkian).

Bakarkako lanetan, berriz, Uxue Etxeberriak eta Nidia Olasolok osatutako bikotea, bosgarren postuan sailkatu zen. Etxeberriak mazoekin egin zuen bere ariketa eta xingola edo aroarekin Olasolok. Nora Mujikak eta Jhoselin Padillak osatutako bikoa bederatzigarren postuan sailkatu zen.
Gipuzkoako txapelketan lortutako emaitzei esker, Euskadiko Txapelketan aritzeko sailkatu dira gimnasta elgoibartarrak, taldeka. Uxue Etxeberriak gainera, bakarkakoan ere arituko da Euskadiko txapelketan, mazoekin. Durangoko Landako gunean jokatuko dute jubenil eta senior mailako amateur mailako gimnastentzako Euskadiko txapelketa, maiatzaren 29an.

∞Lotura duten albisteak: