Snowboard eta eskiekin familia eta lagun artean elkarrekin

Barren.eus 2022ko mar. 18a, 14:37

Makina bat jende joaten da eskiatzera edo snowboardean ibiltzera Elgoibartik. Txikitatik hasi eta gaur oraindik jarraitzen dutenak, beranduago hasiak eta bi urte zituztela hasi eta lehian sartu berri direnak ere badaude. Ibon Baskaran Beristain (2012) da horietako bat, lehian hasi orduko podiumera igo den elgoibartarra.

Bere gurasoak eta arreba Nahia (2008) beti izaten ditu gertu eta neba-arrebek elurretan bizitakoak euren jaitsieren pare kontatu dituzte arin eta zehatz.

Elur urte, urte aberats dio esaerak eta elurrak aberastu du umetatik Nahia eta Ibon Baskaran Beristainen aisialdia. Gurasoak mendi eta elur zaleak izanik, hauen pistari segika eskiatzen eta snowboardean ibiltzen dira. Luz Ardideneko pistetako eta han inguruko pistetatik kanpoko elurrak gozarazten dute beraien zaletasuna. Zaletasunetik lehiara ere pasatu da Ibon, baina beti ere lagun eta familia arteko giroa eta gozamena da beretzat garaipenik handiena.

2022 03 18 Ibon nahia Baskaran ilunetan BARREN
Gurasoak lagunekin joaten ziren apartamentu zein karabanarekin Luz Ardidenera eta orain umeekin joaten dira, autokarabanan. Beste eski estazio batzuetan ere ibili izan dira, baina beren elurretako etxea Luz Ardiden dela argi dute Nahiak, Ibonek eta gurasoek. “Han daukagu autokarabana eta asteburuetan autoz joaten gara bertara. Jadanik ohituta gaude, gure bigarren etxea da. Udan eta neguan, batez ere, beti ibiltzen gara mendi inguruneetan”, esan du Nahiak.
Hala joaten dira orain, baina familian ibili izan dira txiki-txikitatik elurretan, eskiatzen ez bazuten ere, hasieran jolasean. Gurasoak erraketekin mendian ibiltzera edo eskiekin trabesiak egitera joaten zirenean aldean eramaten zituzten umeak. Baina biak bi urte zituztela -oraindik txupetea ahoan zutela-, eskiatzen hasi ziren eta ez probarako plastikozko eskiekin, beraiek “benetako” eskiekin ibili nahi zutela esan du amak.
Nahia orain dela hiru urte sartu zen Ski Toy Club Luz Ardiden taldean; Ibon, berriz, taldean entrenatzen hasi zela bi urte dira, baina lehian hasi berria da. Hiru lasterketa jokatu ditu, eta laulau probatan izan da irabazle. Eski talde eta lehiaketetan jarduteko oinarria behar da, ordea, eta neba-arrebek badute. Lehenengo biak eskiekin hasi ziren, baina gaur egun snowboardean ibiltzen da Ibon. “Lau urte nituela, denda batera joan, taula bat ikusi eta amari esan nion hura nahi nuela. Adina zela-eta ez zen komenigarria, baina probatu nuen eta hasieran gaizki moldatu arren orain eskiak baino snowboarda nahiago dut”, dio Ibonek.

2022 03 18 Ibon Baskaran luz ardiden BARRENNahiak, berriz, snowboardean ibili izan den arren, sekula ez zaio eskia beste gustatu, “orain etxeko gainontzekoak snowarekin eta eskiekin ere ibiltzen dira, baina ni eskiekin”. Taldean sartu zenetik bilakaera handia sumatu du eskiatzen. “Lehen urtero hartzen nuen irakasle bat eta horrek lagundu izan dit, baina azken hiru urte hauetan pertsona bat izan dut alboan zer egin behar dudan esan didana, aholkuak emanez eta astero gauza berriak erakusten. Horrela gehiago ikasten dut”.
Eski denboraldian asteburuero joaten dira Luz Ardideneko estaziora eta taldean aritzen dira.

2022 03 18 Ibon nahia Baskaran nahia 1 BARREN

 • Slalom eta 'Free Ride' 
Bank slalom eta grand slalom modalitateak dira Ibonenak eta hasieran salto pila bat egin eta biraketei garrantziarik ematen ez bazien ere, orain biraketekin gozatzen du. “Slalomean aldapan behera biraketak ahalik eta ondoen egitea komeni da zirkuitua gainditzeko, beraz, horiek lantzen ditugu entrenamenduetan. Baina oreka, besoen mugimendu egokia, ausardia eta ondo babestuta joatea ere beharrezkoa da, jausiz gero min hartu daiteke-eta”. Lehiakideei ezezik lagunei ere begiratzen die besoak mugitzeko trukoak ikasteko eta hainbat monitorek ere ezagutzen dituzte umeak, eta haiek ere ematen dizkiete aholkuak, Iboni ezezik baita Nahiari ere.

ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1237. zenbakian -PDF-

 

2022 03 18 Ibon nahia Baskaran familia laukotea BARREN