Herriko 19 kirol klubek beste horrenbeste sari banatu zituzten, eta horrez gainera, Kirol Patronatuak bi sari berezi banatu zituen, Roke Etxabe zesta puntalari ohiari bata eta Pedro Agirregomezkortari bestea. Etxabe oso gazte hasi zen Euskal Herriko frontoietan zesta puntan jokatzen eta urte askotan Ameriketako Estatu Batuetan osatu zuen bere ibilbide profesional arrakastatsua. Miami, Connecticut, ... urrutiko herrialdeetan zesta puntan munduko jokalari onenetarikoa izateagatik saritu dute. Agirregomezkorta, berriz, bizitza guztia pilotari lotuta egon da, eta Lagunak elkartearen sorreran ere parte hartu zuen. Elgoibarren pilotak duen garrantzia hein batean berari eskertu behar zaiola-eta saritu dute.
Hain zuzen ere, pilota izan zen protagonista musika eskolako auditorioan, atzo, egin zuten sari banaketa ekitaldian. Pilotari buruzko mahai ingurua antolatu zuen Udal Kirol Patronatuiak eta lau pilotari profesional gonbidatu zituzten. Hasiera baten, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo ziren etortzekioak, baina ezin izan zuten Elgoibarrera etorri eta Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola leitzarrek hartu zuten haien lekua. Iñaki Artola ere etortzekoa zen, baina Beñat Rezusta bergararra etorri zen Artolaren ordez, Binakako txapelketan Martinez de Irujoren bikotekidea, hain justu ere. Pilotaren inguruan berba egin zuten laurek eta musika eskolako auditorioan batutako lagunek egindako galderak erantzun zituzten.
Mahai inguruaren ostean banatu zituzten 2015eko Kirol Federatuaren Urteko Sariak. Herriko kirol taldeek egiten duten lana goraipatzeko eta eskertzeko antolatzen ditu sariok kirol patronatuak.
Ikus hemen: 2015eko Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sarietako irabazleak, eta sarituak izateko egin dituzten merituak (PDF)
•Aurreko urteetako sarituak