Elgoibarko Udal Kirol Patronatutik jakitera eman dutenez, martxoaren 14tik 18ra bitartean egingo dituzte Olaizaga kiroldegian dagoen rokodromoa berritzeko lanak. Sector Vertical enpresak, mota horretako instalazioetan segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak egokitu eta hornitzen espezializatuta dagoenak, rokodromoko horma bertikalean 12 bilera berri jarriko ditu, 50 zinta finko, ainguraketa-txapa guztiak ordezkatuko ditu eta eskaladan hasteko hiru ibilbide berri prestatuko ditu. Bide bakoitzak kolore ezberdina izango du, eta 150 presa berrirekin hornituko dute rokodromoa: berdez hasiera maila erraza bertikalean, horiz hasiera maila desplomearekin, eta gorriz hasiera maila erraza presa handiagoekin eta desplomean presa romak. Aipaturiko lanak egiteko aurrekontua 8.000 eurokoa da, BEZa barne.
Aste horretan, 14tik 18ra, ezin izango da rokodromoko paretera sartu eta 16:00etatik aurrera bakarrik erabili ahal izango da boulderra.
Udal Kirol Patronatuaren asmoa da apiriletik aurrera eskaladan hasteko ikastaroei berrekitea. Interesatuek informazio gehiago jaso dezakete Olaizaga Kiroldegiko Harreran, 943 744 415 telefono zenbakira deituta edo olaizagaharrera@hotmail.es helbidera idatzita.