Elgoibarren jokatuko dituzte Open Cup Euskadi txapelketako final guztiak

Barren.eus 2022ko ots. 18a, 15:00

Kopa txapelketa moduko bat sortu du Euskadiko eskubaloi federazioak, Open Cup Euskadi izenpean, eta Elgoibarren jokatuko dituzte kategoria desberdinetako sei finalak, hiru emakumezkoenak eta beste hiru gizonezkoenak. Sanloko talde bat izango da final horietako batean, Salento Gelati kadete neskena.

Kategoria guztietako taldeek hartu dute parte Open Cup Euskadi txapelketan, bai estatu mailako lehiaketetan dabiltzanak, eta baita Euskal ligetan lehiatzen diharduten senior, jubenil edo kadete mailetako taldeak ere. Kanporaketak gainditzea lortu dituzten taldeek finalak jokatuko dituzte datorren otsailaren 26an, eta final horiek Elgoibarko Olaizaga kiroldegian jokatuko dituzte, bata bestearen atzetik. Gainera, Sanloko talde bat ere sailkatu da finalerako, kadete nesken Salento Gelati taldea, hain justu ere. Etxebarriko Kukullaga taldea izango dute aurkari elgoibartarrek.

Finalen maratoia 9:30ean hasiko da eta 21:00ak inguruan amaituko da. Hona finaletako lehiakideak eta ordutegia.

Open Cup Euskadi txapelketako finalak (otsailak 26, Olaizaga kiroldegian)

  • 09:30 EREINTZA Vs ZARAUTZ (Jubenil mutilak)
  • 11:15 ORIO Vs BIDASOA (Jubenil neskak)
  • 13:00 KUKULLAGA Vs SALENTO GELATI (Kadete neskak)
  • 16:00 EREINTZA Vs BIDASOA (Kadete mutilak)
  • 17:45 LOYOLA Vs EIBAR (Senior mutilak)
  • 19:30 ZARAUTZ Vs BASAURI (Senior neskak)

2022 02 18 Open Cup euskadi kartela sanlo eskubaloia